CCOOk ere bat egin du Elkarrizketa Sozialerako Mahaia berpiztearekin

Eusko Jaurlaritzak eta Confebaskek enpleguaren ituna ez aktibatzeko konpromisoa agertu dute

Jaurlaritza, Confebask, CCOO eta UGTren ordezkariak, hilaren 17an. M. ARRAZOLA.
Jon Fernandez.
2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Konbentzitu dute, azkenean, Euskadiko CCOO ere. Hautsita zegoen mahaia berregitea, «bideratzea» onartu du Loli Garciak gidatutako sindikatuak, UGTrekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Confebaskekin batera. Lau aldeek atzo adostu zuten akordioa, etaCCOOko zuzendaritza organoek gaur goizean berretsiko dute, azken uneko ezustekorik ezean. Atzo, Garciaren sindikatuak azaldu zuen ituna «positiboa» zela, «mahaira bueltatzeko CCOOk jarritako baldintzak jasotzen dituelako».

Joan den apirilean, Jaurlaritzak eta patronalak bien artean adostu zuten enpleguaren eta prestakuntzaren esparru akordioa, hiruko mahaira eraman ere egin gabe, eta horrek hautsi egin zuen mahaia. Hain zuzen ere, Jaurlaritzak eta Confebaskek onartu dute bi aldeko enplegu itun hura ez aktibatzea, mahaian «askatasunez aztertu ahal izateko bertan jaso diren gaiak, eta, besteak beste, gai berriak aldatu, zabaldu eta, hala badagokio, adosteko».

Apirilean, bi aldeko ituna zela eta, CCOO altxatu zen mahaitik lehenengo; astebetera, gauza bera egin zuen UGTk. Iñigo Urkulluren gobernuak 2014an sortu zuen elkarrizketa sozialerako mahaia, hankamotz, ELAk eta LABek hasieratik erabaki baitzuten ez parte hartzea —haiek daukate ordezkaritza gehien, %60: ELAk %41, eta LABek %19—, iritzita organo horretan ez zela funtsezko gairik erabakiko.

Ezusterik ez ELArentzat

Jaurlaritzak ahalegin handia egin du UGT eta CCOO berriro mahaira erakartzeko. Lan Sailak eskaini zuen izoztu egingo zutela Jaurlaritzaren eta patronalaren arteko ituna, sindikatuak mahaira itzul zitezen eta haien iritzia ere aintzat har zedin. UGTk berehala eman zuen baiezkoa, baina CCOOk ez; berme gehiago nahi zituen. Azkenean, nahikoa izan zaio atzoko itunean gobernuak eta patronalak «akordioa ez aktibatzeko konpromisoa» agertzea.

Gobernuak presaz jokatu du bi sindikatuak erakartzeko. Dekretu bat lantzen ari da Elkarrizketa Sozialerako Mahaiari egitura instituzional bat emateko, eta bi sindikatuon babesa lortu nahi du, nahiz eta bien artean ordezkaritza sindikalaren %30 baino ez izan—%19 CCOOk eta %11 UGTk—; haien babesik gabe, ordea,Jaurlaritzak oso zail izango luke dekretua plazaratzea.

ELArentzat ez da inolako ezustea izan CCOOk eta UGTk mahaia berpiztea. Sindikatuaren aburuz, Jaurlaritzaren eta Confebasken «akatsa» izan zen mahaia apurtzea, mahaitik kanpo itxi zutelako enplegu ituna; sindikatuak uste du argi geratu dela berdin-berdin aterako zela aurrera mahaian proposatu izan balute, CCOOren eta UGTren babesarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.