Estatu Islamikoaren 200dik gora hobi komun aurkitu dituzte Iraken

NBEk kaleratutako txosteneko datuen arabera, 6.000-12.000 gorpu daude pilatuta. Haurrak eta ezinduak daude horien artean

Igor Susaeta -

2018ko azaroak 7
EI Estatu Islamikoak lorratz sakona utzi zuen 2014 eta 2017 artean Irak iparraldean. Eta inbasio haren ondorioetako baten berri eman zuen atzo NBEk. Nazio Batuen Erakundeak txosten bat kaleratu du, eta jakinarazi du EIren 200dik gora hobi komun aurkitu dituztela Irak iparraldean, eta horietan 6.000-12.000 gorpu daudela pilatuta. Haurrak, emakumezkoak, adindunak, ezinduak eta Irakeko segurtasun indarretako kideak daude hildakoen artean.

NBEk dioenez, EIk «sistematikoki» erabili zuen indarkeria. «Gerra krimenak, gizateriaren kontrako krimenak, izan daitezke, baita genozidioa ere», dio txostenak. NBEk aurrez esana dauka EIk 33.000 bat zibil hil zituela Iraken, eta beste 55.000 zauritu zituela. Ninive, Kirkuk, Salah-al-din eta Anbar probintziatan topatu dituzte hobiak. Oraingoz 28 ireki dituzte, eta guztira 1.258 gorpu atera dituzte lurpetik. Oraindik ezin izan dituzte identifikatu. Hobi komun txikiena Mosul hirian dago, eta zortzi gorpu ditu barnean; handiena, bestalde, Mosul hegoaldean dago, Al-Khasfa isurbidean, eta 4.000 bat gorpu daude horretan pilatuta. Mosul izan zen, hain zuzen, EIren kalifa herriaren hiriburua Raqqarekin (Siria) batera, iaz askatu zuten arte.

Hobi komun gehiago egon daitezkeela ohartarazi du, halere, NBEk. «Hobietan lortutako frogak ezinbestekoak izango dira erantzuleak ikertzeko eta kondenatzeko». NBEk nabarmendu du aurkitutako hobiak babestu behar direla, justizia bermatze aldera. Baina Iraken hobiak babesteaz arduratzen den erakundeak esan du ez duela horretarako baliabide nahikorik.

Kalifa herria bukatu zen, baina, AEBetako iturri ofizialek diotenez, oraindik ere 2.000 bat jihadista ezkutatuta daude Irak eta Siria arteko lur eremu txiki bezain idor batean.

Gutxiengo etnikoak

Txostena kaleratu eta gero, Michel Bachelet giza eskubideen NBEren goi mandataria mintzatu zen: «EIk Iraken egindako krimenak jada ez dira goiburuetan agertzen, baina senideek jasaten duten traumak hor jarraitzen du. Milaka emakume, gizon eta haur daude identifikatu gabe. EIren arau makurrak eta ideologia ez onartzeagatik hil zituztenen gorpuzkiak daude hobietan, eta tartean daude gutxiengo etniko eta erlijiosoetako kideenak».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna