PSNk bere egin nahi du hipoteken zergaren aldaketa Nafarroan

Txibitek lege proposamen bat erregistratu du legebiltzarrean, gobernuak aldaketa iragarri arren
Protesta bat, atzo, Donostian, Espainiako Auzitegi Gorenak hipoteken zergaz hartutako erabakiaren inguruan.
Protesta bat, atzo, Donostian, Espainiako Auzitegi Gorenak hipoteken zergaz hartutako erabakiaren inguruan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Jon Fernandez -

2018ko azaroak 9
Pedro Sanchez Espainiako presidente eta alderdikidearen jokaldiaren uberari jarraituz, Maria Txibitek hipoteken inskripzioaren gaineko zerga aldatzeko lege proposamena erregistratu zuen atzo Nafarroako Parlamentuan PSNren izenean, aurrerantzean zerga hori bankuek ordain dezaten, eta ez bezeroek. Baina Espainiako Auzitegi Gorenak hipoteken auziaren harira izandako jardunbideak gizartean eta alderdi politikoen artean sortutako eskandaluaren ostean, ez da PSN izan Nafarroan erreakzionatu duen lehenengoa; laukoaren gobernua aurreratu zaio, herenegun dagoeneko Maria Solana eledunak iragarri baitzuen gobernuak legea aldatzeko asmoa daukala, eta aldaketa ahalik eta babes politiko zabalenarekin egiteko modua aztertuko duela.

Espainiako Auzitegi Gorenak herenegun hipoteken zerga bankuek pagatzea erabaki izanak, berez, ez dauka zuzeneko eraginik Hego Euskal Herrian, ogasun propioak dituztelako bertako lau lurraldeek, eta lege propioak dituztelako hipoteken inskripzioaren zergaren inguruan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, esate baterako, ez da zergarik pagatzen lehen etxebizitzaren hipoteka erregistratzerakoan. Nafarroan bai: %0,5ekoa da tasa, 600 eta 1.500 euro artean etxea erosten duten herritarrentzat. Nafarroako Ogasunak, zerga horrekin, urtero hamar milioi euro inguru biltzen ditu.

Kopia hutsik ez

Hipoteken zergari buruzko lege propioa dauka Nafarroak, eta Espainiako Gorenaren epaiak ez du hari buruz ezer esan. Hala ere, derrigortasunik izan ez arren, Uxue Barkosen gobernuak legea aldatzeko asmoa agertu zuen Gorenaren erabakia jakitearekin batera, «gizartearen ustekabearekin eta ezinegonarekin bat egiteko».

Geroa Baiko bozeramaile Koldo Martinezek adierazi duenez, Nafarroako Gobernua «ez da estatuan onartzen diren legeak kopiatu zalea, baina bai estatuko legeak aztertu eta dauzkaten alde onak bertara ekarri zalea». Nabarmendu du «herritarren onurarako erabaki bat» defendatuko duela gobernuak, eta Auzitegi Gorenaren jarduera «lotsagarria» salatu du.

Era berean, Adolfo Araiz EH Bilduren bozeramaileak «positibotzat» jo du Iruñeko gobernuak legea aldatzeko erakutsitako asmoa, «bankaren inperioaren egoerari erantzun bat ematen diolako». Araizek argudiatu du, legea aldatu behar bada, hobe litzatekeela bankuek ordaintzea zerga, nahiz eta aztertu beharra dagoen aldaketa horrek zer «zeharkako efektu» ekar dezakeen, bankuek beste bide batzuk erabil baititzakete kostuak bezeroari pasarazteko: interesen bidez edo komisioen bitartez.

Laukoaren gobernuak babes zabala lortu nahi du parlamentuan hipoteken legea aldatzeko, eta badirudi lorgarria dela, zerga bankaren bizkar jartzearen alde agertu baitira PSN, UPN eta PP ere, nafarrak espainiarrekin «berdintzeko» argudioarekin.

Gaurtik aurrera

Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen, errege dekretu bidez, hipoteken eskrituren zerga bankuek ordaintzea, eta ez bezeroek, orain arte bezala. Dekretua gaur bertan sartuko da indarrean, BOEn publikatu eta gero; beraz, aurrerantzean erregistratutako hipoteken zerga bankuek pagatuko dute erregimen komuneko eremuan; ez, ordea, Hego Euskal Herrian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna