Yemenen handitu egin da etorkin kopurua, nahiz eta gerran egon

NBEk kezka agertu du Persiar golkoko herrialde aberatsetara ailegatu nahi dutenen egoerarekin

Mikel Rodriguez -

2018ko abenduak 5
Yemen 2014tik dago gerra beteko egoeran, nahiz eta gatazka militarrak eta ezegonkortasuna aspalditik pairatzen dituen. NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du etenik gabe handitu dela etorkinen kopurua hala ere, eta haien egoerarengatik kezka agertu du. Joel Millman IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeko bozeramaileak atzo erran zuenez, espero dute urte bukaerarako 150.000 izanen direla Afrikatik ailegatuko diren etorkinak, iaz baino 50.000 gehiago. Guztiek helburutzat dute Persiar golkoko herrialde aberatsetara ailegatzea. «Ezohikoa eta larria da hainbertze jendek gerra eremu arriskutsu bat gurutzatzea».

Millmanen arabera, gerrak berak eragin du etorkinen kopurua handitzea, Yemenen ez dagoelako inongo kontrolik ezar dezakeen estaturik. Migratzaileak bi herrialdetakoak dira: %92 Etiopiakoak, eta %8 Somaliakoak. Aurten Mediterraneoa Europarantz gurutzatu dutenen kopuruarekin konparatuta, Yemenera «anitzez gehiago» ailegatu dira, «dozenaka mila» gehiago. Zeharkaldietan hildakoak zenbatzeko, Mediterraneoan baino zailtasun handiagoak ditu IOMek, eta 156 heriotza egiaztatu ahal izan ditu aurten. «Zalantzarik gabe, anitzez gehiago dira», zehaztu du Millmanek. Yemenera ailegatu ondoren, bideari jarraitzeko arriskuak amaiezinak dira: «Mina eremuak gurutzatu behar dituzte, tiroketak daude...».

Djibuti eta Suedia

Migratzaile gehienek Djibutitik gurutzatu ohi dute Afrikaren eta Asiaren arteko itsasartea, eta, IOMek antolatuta, gaiari buruz eztabaidatzeko konferentzia bat eginen dute herrialde horretan gaur. Djibutiko eta Yemengo ordezkariez gain, joatekoak dira migratzaileen jatorri, pasaleku eta helmuga diren herrialdeetako ordezkariak.

Yemengoa «munduko krisi humanitariorik larriena» izendatua du NBEk. Erakundeak atzo adierazi zuen heldu den urterako 19.000 milioi euro inguru beharko dituela krisi humanitarioei aurre egiteko, eta gehienak Yemenera bideratu beharko dituela. Hala ere, WFP Munduko Elikagai Programako zuzendari David Beasleyk jakinarazi zuen herrialdea ez dagoela «gosete» egoeran, nahiz eta elikadura egoera «hondamenezkoa» izan. Gerraren bi alde nagusien ordezkariak —Abd Rabo Mansur Hadi presidentearenak eta matxino xiitenak— atzo ailegatu ziren Suediara, NBEren bitartekaritzarekin negoziazioak hastea aztertzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna