Kubako Konstituzioaren erreformak herritarren babes zabala jaso du

Behin-behineko emaitzen arabera, kubatarren %86,8k bozkatu dute aldaketen alde. Aldaketak apirilaren 10ean sartuko dira indarrean

Zazpi milioi kubatarrek bozkatu zuten igandean. E. MASTRASCUSA / EFE.
ander perez zala
2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Raul Castrok bere agintaldian bultzaturiko hainbat neurri egonkortzeko helburua zuen konstituzioaren erreformak herritarren babes zabala jaso du. Iragan igandean egindako erreferendumaren emaitzen berri eman zuen atzo Hauteskunde Batzorde Nazionalak, eta jakinarazi zuen botoa eman zuten kubatarren %86,8 aldaketa horien alde agertu zirela.

Herritarren babesa jasota, 1976ko konstituzioaren gaurkotzeak muga jarriko dio Miguel Diaz-Canel presidentearen agintaldiari: gehienez ere, hamar urte egon ahalko da karguan, bost urteko bi agintalditan. Horrez gain, Kubako Errepublikako lehen ministro kargua sortuko dute.

Erreformak ekarriko dituen berrikuntzen artean dago jabetza pribatua era mugatuan aitortzea. Neurri horrek eztabaida handia eragin du Alderdi Komunistan, interes orokorraren aurkako klase sozial baten sorrera eragin dezakeelako; halere, arriskua onartu, eta sistema berritzeko apustua egitea erabaki zuen alderdiak.

Eztabaida handiak ere izan dituzte hainbat auziren inguruan. Handienetarikoa sexu berekoen arteko ezkontzari atea irekitzen dion artikuluaren gainekoa izan zen. LGTBI aktibistek eta giza eskubideen aldeko elkarteek babesa adierazi diote, eta aurka agertu dira Eliza katolikoa eta Kubako gizartearen zati handi bat. Erreforma proposamenean eztabaida bi urtez atzeratzea jaso da, Familia Kodea zehazten denerako.

Asanblea Nazionalak apirilaren 10ean aldarrikatuko ditu aldaketak, eta egun horretan sartuko da indarrean konstituzioaren erreforma.

AEEren erreakzioa

Konstituzioaren erreformaren aurka agertu direnen artean da AEE Amerikako Estatuen Erakundea —Kuba ez da erakundeko kidea—. Luis Almagro idazkari nagusiak atzo adierazi zuen ez dituela «aitortzen» erreformaren ondorioz sorturiko «erakundeak» eta hartuko dituzten «erabakiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.