Erresuma Batuak martxoaren 12 eta 14 artean erabakiko du 'brexit'-az

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak hiru aukera emanen dizkie diputatuei: akordioa, akordiorik gabe ateratzea edo luzapena eskatzea

Theresa May lehen ministroa, atzo, Komunen Ganberan. EFE.
mikel rodriguez
2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa EB Europako Batasunarekin negoziatzen aritu da hilaren 14an Komunen Ganberan bertze bozketa bat galdu zuenetik. Mayren helburua da Irlandako mugarako backstop erran zaion protokoloan EBk «moldaketa batzuk» egitea. Bruselarekin izan dituen elkarrizketen berri ematekoa zen May Komunen Ganberan, atzo. Xehetasun handirik ez zuen eman, eta, horren ordez, bide orri bat zehaztu zuen, aldaketa taktiko argi bat markatuko duena: Komunen Ganberak hurrengo martxoaren 12an bozkatuko du EBk eta Londresek azaroan egin zuten akordioa onartu ala ez erabakitzeko. Berriz ere ezezkoa gailenduz gero, biharamunean bertze bozketa bat eginen dute, akordiorik gabeko brexit-a onartzeko prest dauden ala ez erabakitzeko. Eta akordiorik gabeko aukera baztertuz gero, hirugarren bozketa eginen dute martxoaren 14an: brexit-a gibelatzeko eskaera egiteari buruz. 30 egun falta dira epea bukatzeko.

Inoiz baino indar handiagoa hartu du 50. artikuluaren aplikazioa gibelatzeko eskaera egiteko aukerak. EB uzteko estatu batek egin beharreko prozesuaren epea markatzen du artikulu horrek, eta Erresuma Batuak 2017ko martxoaren 29an aktibatu zuen. Gibelatzeko, Erresuma Batuak baimena eskatu behar die batasuneko bertze 27 estatuei. «Argi mintzatuko naiz: ez dut 50. artikulua luzatu nahi», erran zien Mayk diputatuei atzo. «Gure lehentasun erabatekoa izan beharko luke martxoaren 29an [EB] akordio batekin uzteak».

Hiru bozketatara deitzeko erabakiarekin Mayk lortu du prozesuaren erritmoa berriz markatzea, epea gainera heldu den bitartean. Lau fronteri aurre egin behar die. Alde batetik, brexit gogorraren aldeko alderdikideak ditu. ERG Europako Ikerketa Taldean bilduta daude horietako diputatu gehienak. Jacob Rees-Mogg horien ordezkariak atzo erran zuen brexit-aren data gibelatzea brexit-a bera bertan behera uzteko «konplot bat» dela. Brexit gogorraren aldekoak baino gutxiago dira tory europazaleak, baina dimisioen bidez presio egiten ari zaizkio Mayri, akordiorik gabe aukera baztertu dezan. Oposizioko laboristekin bat egiteko aukera dute horiek. EBk, berriz, adierazi du ez lukeela gaizki ikusiko 50. artikulua luzatzea.

Zuzenketak, gaur

Gaur ere bozketa eguna izanen dute Komunen Ganberan. Alderdiek zuzenketak aurkeztuko dituzte haien proposamenak bozka daitezen. Diputatu laborista batek erran du erretiratu eginen duela 50. artikulua luzatzeko eskaera, Mayk atzo iragarritakoa ontzat jo baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.