Aurrerapausorik ez dago Bizkaiko metalgintzan, eta grebak nahi ditu LABek

Sektoreko hitzarmena lortzeko hemezortzigarren bileran ere ez da emaitzik izan. Bizkaiko bulegoetan ere lanuztera deitu du sindikatuak

Bulegoetako langileen protesta bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
xabier martin
2019ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Negoziazio kolektiboak 2018an urrats handia egin duela nabarmendu du asteon Lan Harremanen Kontseiluak, baina akordiorik gabe jarraitzen dute dozenaka mila langileren baldintzak arautzen dituzten sektore batzuk, eta horietako bitan, Bizkaiko metalgintzan eta bulegoetan, oso urrun begitantzen da adostasuna. Hain urrun, ezen LABek hutsik utzi baitzuen negoziazio mahaia, atzo, metalgintzaren esparruan. 41.000 langile biltzen ditu sektoreak lurralde horretan, eta sindikatu abertzaleak mobilizazioak egiteko eskatu zien beste sindikatuei, LAB bera egiten ari den moduan; greba deialdiak nahi ditu sindikatuak enpresetan, FVEM patronala ez duelako ikusten akordiorako prest. Bizkaiko bulego eta langeletako negoziazio mahaian egoera bera islatu zen. Sektore horretan 23.000 langilek dihardute. Bi negoziazio mahaiek erakusten duten argazkiak ez da nolanahikoa: 64.000 langile lan gatazka betean.

Horiek horrela, LAB sindikatuak argi dauka Bizkaiko metalgintzaren hitzarmena lortzea ez dela posible patronalak duen jarrerarekin. «Berriro nabarmen geratu da ez dagoela negoziazio posiblerik patronalarekin. FVEMek ez du negoziatu nahi sektoreko langileen baldintzen inguruko hitzarmenik. Bileran proposatu du 2018a inolako igoerarik gabe uztea; atzerakada bat dakar aurreko bileren aldean».

Horregatik, sindikatu abertzaleak proposamen zehatza egin zien beste sindikatuei: «Dei egiten diegu lanuzteak eta grebak egin ditzaten hurrengo hilabeteetan». LABek hilabeteak egin ditu enpresetan mobilizatzen. «Azken egunotan, mozioak aurkeztu ditugu sektoreko enpresetan hitzarmen sektoriala defendatzeko eta mobilizatzeko». Badira idatzi horrekin bat egin duten hainbat langile batzorde: Mesan, Artechen, Enersysen, Sachsen, Kelvionen, Nemaken, Wartsilan, Laminados Losalen, Troqueleria Odinen, Zabala Mekaniko Tailerran... «Datozen egunetan, atxikimenduak jasotzen jarraituko dugu, eta mobilizazioak egingo ditugu enpresetan».

Bulegoetan ere ez

Bulego eta langelen sektoreko negoziazio bilera ere ez zen ongi amaitu, ezta erdipurdi ere. LABek proposamen zehatz bat egin zuen, «ahalegin handikoa», eta altxatu egin zen mahatik, ez duelako negoziatzeko modurik ikusten. Ez da itzuliko, «patronalak hausnartu eta hitzarmen duina sinatzeko prest dagoen arte». Ateak zabalik izango ditu, dena den, «patronalak xantaia albo batera utzi eta gutxieneko batzuk balekoak jotzen dituen arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.