Trumpen aurkako 'impeachment'-a hasiko du Ordezkarien Ganberak

Demokratek AEBetako presidenteari leporatu diote Ukrainari presioa egitea, Joe Biden hautagai demokrata eta haren familia iker zezan

Donald Trump, atzo, NBEren Batzar Nagusian hitz egin ondoren. PETER FOLEY / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
AEBetako Ordezkarien Ganberak Donald Trump herrialdeko presidentearen aurkako impeachment edo kargugabetze prozesua hasiko du formalki. Horixe iragarri zuen Nancy Pelosi demokratak, behe ganberako presidenteak, atzo, Ordezkarien Ganberako kide demokrata nabarmenekin bildu eta gero. AEBetako zenbait komunikabidek azken egunetan argitaratutako informazioek lurrikara politikoa eragin dute Washingtonen. Izan ere, horien arabera, Etxe Zuriko maizterrak eskatu zion Volodomir Zelenski Ukrainako presidenteari, Joe Bidenen semeak Ukrainan dituen negozioak ikertzeko —Biden AEBetako presidenteordea izan zen 2009tik 2017ra, eta 2020an AEBetan egingo dituzten presidentetzarako bozetarako hautagai demokrata izan daiteke—. Hedabide batzuek kaleratu dutenez, gainera, funtsen bidez Ukrainari ematea adostu zuten laguntza militarra blokeatu zuen Trumpek.

Ordezkarien Ganberan gehiengoa daukate demokratek. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, Senatuan, eta kargugabetze prozesua gauzatzeko, goi ganberaren bi herenen aldeko botoak behar dira. Ikusteko dago, beraz, zer garapen izan dezakeen demokraten urratsak. Honekin, hirugarren aldiz egingo dute impeachmet prozesu bat AEBetako Kongresuan. Aurreko biak, Andrew Johnson (1868) eta Bill Clinton (1998-1999), absolbituegin zituzten.

Bezperan esandakoa zuzenduz, Trumpek atzo onartu zuen baietz,funtsak blokeatu zituela. «Zergatik ari dira soilik AEBak dirua jartzen?», galdetu zuen NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrera heldu zenean. Eta adierazi zuen Alemaniak eta Frantziak diru gehiago jarri beharko luketeela. Bestetik, Twitter bidez jakinarazi zuen, atzo, Volodimir Zelenskiri egindako deiaren transkripzio osoa argitaratzeko baimena eman duela. Demokratak impeachment bat abiatzekotan zirela konturatu zenean jakinarazi zuen hori Trumpek. Impeachment-a abiatuko dutela iragarri aurretik, Pelosik esan zuen orain arte urrats hori «saihesten» ahalegindu izan dela, argudiatuz herrialdea «zatikatu» zezakeela horrelako urrats batek.

Bere alderdiko hautetsi eta ordezkariekin bildu ostean, ordea, AEBetako presidentearen jokabidea konstituzioaren eta demokraziaren printzipioen aurkako urraketa larritzat jo zuen Pelosik, eta impeachment horri ekitea jo zuen konponbide bakar gisa. Presidenteak «segurtasun nazionala» arriskuan jarri duela ere ohartarazi zuen, eta oharra egin zion: «Inor ez dago legearen gainetik». Trumpi buruz egiten ari diren ikerketa guztiak impeachment-aren «aterkipean» jartzeko ere proposatu zuen Pelosik.

Itun nuklearraz eta Iranez

Etxean tentsioa muturreraino joan bazaio, kanpoan ere gatazkekin jarraitzen du Trumpek. Azkeneko bi asteotan are gehiago handitu da AEBen eta Iranen arteko tentsioa, adibidez. Egunotan New Yorken bat egin dute Trumpek eta Hassan Rohani Irango presidenteak, NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorra han bildu baita. Rohani gaur da hitzaldia ematekoa, baina atzo nabarmendu zuen herrialdeko programa nuklearra mugatzeko duela lau urte sinatutako akordioan «aldaketa txikiak, zuzenketak», egiteko prest dagoela, AEBek zigorrak kentzearen truke.

Trumpek, ordea, Iranen kontra egin zuen atzo batzar orokorrean hitza hartu zuenean. Erakundeko herrialde «guztiei» eskatu zien errepublika islamikoaren «odol desiraren» aurka egiteko, eta Rohaniri jakinarazi zion Iranek «jarrera mehatxagarria» erakusten duen bitartean ez dituela zigorrak kenduko. «Gogortu egingo dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.