Eroski abiadura azkartuz doa, eta 85 milioi irabazi ditu urteko lehen erdian

Emaitza operatiboa %10 igo du, baina zorraren berregituraketak kontabilitatean eragindako aldaketak azaltzen du mozkinen igoera

Eroski supermerkatu bateko arrandegia. BERRIA.
xabier martin
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Zorraren harlauzari aurre egiteko berregituraketa akordioa egin eta hilabete gutxira heldu da Eroski beste aro batean sartu dela berretsi duen emaitza: 85 milioi euroko irabazia lortu du urteko lehen erdian. Aurreko urteko epe berean ez zen hamabost milioi eurora iritsi, eta, hortaz, emaitza hori halako bost lortu du, krisi beteak jo zuenetik emaitza onena alde handiarekin. Emaitza ikusgarri hori, ordea, berregituraketaren baldintza berriek eragindako ohiz kanpoko sarrerek azalduko lukete hein batean; izan ere, 261 milioi euro positibo iritsi dira azken emaitza erdiesteko ariketara.

Edonola ere, Eroskiren orgak beteta doaz berriro, eta desinbertsioei eta barne kostuak apaltzeari esker (langile bazkideen ahaleginaz) zorra bridatu du Agustin Markaidek gidatzen duen taldeak. Arazoak arazo, negozioak etekinak ematen zituela adierazi du Elorriok urte beltz askoan, eta 2019ko lehen erdiaren emaitzak indarra eta oinarria eman dio tesi horri, emaitza operatiboa (negozio hutsaren emaitza) 65 milioi eurokoa izan baita, iazko epe berean baino %10 gehiago.

Euskal Herrian, Galizian eta Balear uharteetan %1,9 igo ditu salmentak, Eroskiren saltokien gehienek Zurekin eredua aplikatua duten eremuan. Baina, oro har, salmentak jaitsi egin dira: 2.250 milioi eurorenak izan dira, iazko epe berean baino apalagoak (2.314 milioi). Hala ere, hori ez da oztopo izan negozioaren eboluziori erreparatzen dion irabazi operatiboa hobetzeko. Zurekin ereduari eta logistikan lortutako eraginkortasunari egotzi dio hobekuntza Mondragon taldeko kooperatiba handienak.

Era berean, azken seihilekoan 68 milioi euro pagatu ditu zorra txikitzeko, eta 1.500 milioiko da pasiboa gaur egun. 2010etik 1.800 milioi ordaindu ditu Eroskik amortizazioetan. Ordaintzen jarraitzeko bide orria ere adostuta dauka hartzekodun bankuekin. Uztailaren 31n sinatu zuen berregituraketa, eta konpromisoak argi dauzka 2024ra arte.

Estutasunak estutasun, Eroski arnasa hartzen hasi da azken bi urteetan, eta, negozioa bideragarria dela erakutsita, inbertsioari ekin dio. Azken sei hilabeteetan 42,4 milioi eurokoa izan da, kontuan hartuta frankiziek egindako ahalegina ere. 116 saltoki zaharberritu ditu Zurekin eredua ezartzeko, eta beste 38 denda berri zabaldu ditu. Horrek ekarri du 208 enplegu sortzea, urtarriletik ekainera.

Taldeaz harago, Eroski kooperatiba matrizak 93 milioi euroren mozkinak lortu ditu, eta iazko epe berean bi milioi baizik ez zituen lortu. Datu horrek argi adierazten du banaketa enpresak eman duen jauzia, berregituraketaren eraginak eragin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.