Eslovakiako Alderdi Nazionalak gehiago mugatu nahi du abortua

Abortatu nahi duten emakumeak umekia ikustera eta haren bihotz taupadak entzutera behartuko dituen legea onartzea nahi du

Eslovakiako Parlamentua, artxiboko argazki batean. PETER HUDEC / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Eslovakiako Parlamentuak abortua murrizteko lege bat onar dezake, eta, horren arabera, abortatu nahi duten emakumeak, hori egin aurretik, umekia ikustera eta haren bihotz taupadak entzutera behartu ditzakete. Herrialde horretan legezkoa da abortua, haurdunaldiaren aurreneko hamabi asteetan egiten bada, eta geroago egitekotan, osasun arazoak baldin badaude egin daiteke soilik.

Alderdi Nazionalak egindako eskaera da, eta aurten beste zazpi saiakera egon badira ere abortua murrizteko edota emakumeak hori ez egitera bultzatzeko, alderdi horretako hiru emakumek aurkeztutako azkeneko proposamenak gainditu zuen bozkatzera igaro aurreko galbahea. Eslovakia izan daiteke Europako lehen herrialdea horrelako neurri bat hartzen; 39tan dago abortua onartua, eta seitan soilik kasu berezietan uzten dute. Kontinentetik kanpo, AEBetako zazpi estatutan daude antzeko legeak, eta emakumeak behartuta daude umekia ikustera eta haren taupadak entzutera. Espainiako Kongresuan, UPN saiatu zen antzeko proposamena onarrarazten, 2014an abortuaren legea aldatzeko Alderdi Popularrak egin zuen saiakeran.

Eslovakiako kasuak kontrako adierazpenak eragin ditu herrialdean bertan ez ezik kanpoan ere. Human Rights Watch erakundeko Hillary Margolis ikertzaile nagusiak garbi adierazi zuen zer den lege berria: «Emakumeak estigmatizatzeko, umiliatzeko eta tratu jasangaintza onartzera behartzeko estrategiak dira».

«Bihotza osatu gabe dago»

Urrunago joan dira Amnesty International eta Marie Stopes Internacional erakundeak —abortuaren aldeko elkartea—: «Abortatu aurretik bete beharreko pauso horiek giza eskubideen inguruko hainbat tratatu bortxatzen dituzte, Eslovakiak onartuta dauzkanak». Abortatzeko eskubidea babesten duen irabazi asmorik gabeko Guttmacher Institutuko Elizabeth Nashen arabera, «kezkagarria da AEBetako estatu batzuetako araudiak beste leku batzuetan sartzen ikustea».

Jennifer Conti AEBetako Ginekologoen Elkarteko bozeramailea umekien taupaden inguruan mintzatu zen, eta azaldu zuen ez dela zuzena horien aipamena egitea: «Ezin da esan bihotz taupadak direnik, umekiaren bihotza ez dagoelako osatuta».

Eslovakian bertan ere kontrako iritzi asko daude, eta gehiengoa ez dago lege murriztailearen alde, argitaratu berri den inkesta batean azaldu denez. Alderdi Nazionaleko jarraitzaileen artean ere badira bat egiten ez dutenak abortuaren aurkako bide murriztaileekin. Dena dela, azkenaldian asko jaitsi da abortu kopurua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.