Trumpi «botere abusua eta ikerketa oztopatzea» egotzi dizkiote demokratek

Kongresuak urtea amaitu aurretik bozkatuko du presidentearen kontrako epaiketa abian jarri edo ez. Trumpentzat, «barregarria» da

Aitor Manterola Garate.
2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberako legegile demokratek atzo jakinarazi zuten zer leporatzen dioten herrialdeko presidenteari: botere gehiegikeria baliatzea eta Kongresuaren lana oztopatzea. Orain, Kongresuak bozkatu beharko du Trumpen aurkako epaiketa politikoa abian jarri edo ez, eta litekeena da urtea amaitu aurretik egitea hori. Demokratek gehiengoa dute Kongresuan, eta presidenteak impeachment-a izango duela pentsa liteke. Ondoren, baina, litekeena da prozesuak oztopo bat aurkitzea. Auzia Senatura igaroko da, epaiketa politikoa egiteko, eta nola errepublikanoek demokratek baino ordezkari gehiago dituzten, aurreikus liteke presidentea ez dutela kargutik kenduko.

«Gure presidenteak bere burua jarri du herrialdearen aurretik, eta gure demokrazia eta segurtasun nazionala arriskuan jarri ditu», esan zuten demokratek, botere gehiegikeria leporatzeko orduan. Auziaren sorburuan dago Trumpek ustez baldintzatu egin zuela Ukrainari eman beharreko laguntza militarra, Joe Biden presidenteorde ohia eta haren semea ustelkerian aritu ote ziren ikertzearen truke. Ukrainari presio egin izana leporatzen diote demokratek, eta AEBetako segurtasuna arriskuan jartzea.

Demokratek duela hiru hilabete jarri zuten abian epaiketa politikoa egiteko prozesua. Bide horretan, demokratek atzo salatu zuten Trumpek Kongresuko ikerketan parte hartzea debekatu diela gobernuko funtzionarioei, eta ikerketa oztopatzea ere leporatu diote, horrenbestez.

Trumpek azkar erantzun zuen Twitter kontutik, eta sare sozial horretan esan zuen ez ziola «presiorik egin» Ukrainari. «Leporatzen didatena barregarria» da, gaineratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.