Guardia zibil bat jotzea egotzita, zortzi hileko zigorra jarri diote gazte bati

Egindakoa onartu du, eta fiskalak eskatutako zigorra jarri diote. Ehun euroko isuna ezarri diote, eta guardia zibilari 400 euro ordainduko dio

joxerra senar
Iruñea
2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Epaia irmoa da. Herenegun Altsasun atxilotu zuten gazteari zortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Ines Hualde Iruñeko 1. instrukzio epaitegiko magistratuak, atzo. Gaztea goizean igaro zen epailearen aurretik, eta fiskalak egindako eskaera onartu zuen. Hartara, zortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio epaileak, atentatu delitua egotzita, baita ehun euroko isuna ere, lesio arinak eragiteagatik. Halaber, eraso egindako guardia zibilari 400 euroko kalte-ordaina pagatu beharko dio erantzukizun zibil gisa. Epaiaren arabera, gazteak ez du espetxera joan beharko epe horretan legea urratzen ez badu. Era berean, bereizkeria eta tratu berdintasunari buruzko hezkuntza programa bat egin beharko du.

Epaiaren arabera, gertaerak Altsasuko Garcia Ximenez kalean izan ziren, ostegun gauean. Hainbat lagunek beirazko botilentzako edukiontzi bat irauli zuten. Guardia zibilak bertaratu zirenean, akusatuak «jarrera mehatxagarria» azaldu eta F17597x guardia zibilari «irmotasunez jo zion kolpea bizkarrean».

Epaiaren arabera, identifikatzeko agindu ziotenean, botila bat erakutsi eta «bi aldiz jotzeko imintzioa egin zuen». Bertsio horren arabera, poliziak atzera egin zuen kolpea saihesteko, eta ondoren gazteak botila horma baten aurka bota zuen, poliziari «lesiorik eragin gabe». Kristal zatiak beste guardia zibil batengana heldu ziren, baina ez zitzaion ezer gertatu. Epaileak gaineratu du bizkarrean jotako kolpeak hantura eragin ziola, baita «antsietatea eta zorabioak» ere. Astelehenera arteko gaixoaldia eman diote F17597x poliziari.

Kanpaina mediatikoa

Espaniako hainbat komunikabidek eta politikarik 2016ko urriko gertaerekin parekatu zuten liskarra, eta berriro ere «segada» bati buruz hitz egin zuten. Covitek salatu zuen «gorroto ekosistema bat» dagoela Altsasun. Guardia Zibilak, ostiralean, gezurtatu egin zuenhori. Twitterren, Javi Ollo herriko alkateak «zorroztasuna eta erantzukizuna» eskatu zien berriro ere hedabide horiei eta arduradun politikoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.