ELA: «Donostiako metroaren lanetan zerbait larria gertatuko da»

Sindikatuak obra geratu eta azterketak egiteko eskatu du, «eraiki daitekeen ala ez garbi izateko»

Donostiako metroko langileak Zubieta kaleko zuloa tapatzeko hormigoia botatzen, ekainaren 5ean. GORKA RUBIO / FOKU.
Paulo Ostolaza.
Donostia
2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
«Langileen eta herritarren segurtasunagatik, Donostiako metroaren lanak geratu beharra dago. Ez dituzte egin halako eraikuntza batek eskatzen dituen adina azterketa, eta argi eta garbi diogu: azkenean, zerbait larria gertatuko da». Atzo, komunikabideen aurrean egin zuen eskari hori Igor San Josek, ELA sindikatuko eraikuntzako arduradunak; Lan Ikuskaritzari, ordea, «ekainaren 5eko lur jausia gertatu eta berehala» galdegin zion gauza bera.

Azken urtean, ELAk hainbat alditan salatu ditu Donostiako metroaren lanetako irregulartasunak. San Joseren arabera, obra horretan «denetarik gertatzen ari da», eta «eskandalu bat dira» langileen lan baldintzak. Sindikatuak horregatik jarri ditu hamabi salaketa: hiru, gehiegizko lanorduengatik —hamabi orduko jardunaldiak egiten zituzten beharginek urtarrilera arte—; beste salaketa bat Gipuzkoako eraikuntzako langileen hitzarmena ez betetzeagatik; eta zortzi salaketa segurtasun baldintzak ez errespetatzeagatik.

ELAko ordezkariak salatu zuenez, metroaren obretan istripu asko gertatu dira jada: «Ezaugarri horiek dituen eraikuntza batean, istripu txiki baten eta larri baten arteko tartea zorte kontua da. Guretzat, guztiak dira larriak». Ekainaren 5eko lur jausia gertatu baino bi egun lehenago, langileek «zerbait gertatzen ari zela» abisatu zietela esan zuen, eta, halere, enpresek erabaki zutela lanak ez geratzea.

Tuneletan ura hondarrarekin erortzen denean zuloak sortzen direla azaldu zuen San Josek, eta horiek eragiten dituztela lur jausiak: «Obrak geratu eta azterketak egiteko eskatzen dugu, garbi izan dezaten egin nahi dutena posible den ala ez». ELAko ordezkariaren arabera, Euskal Trenbide Sareak (ETS) eta Eusko Jaurlaritzak, eraikuntza adjudikatu zutenek, «aspalditik dakite zer gertatzen ari den, baina beste alde batera begiratzen jarraitzen dute». ELAk haiekin izandako bileretan ere jakinarazi dizkie arau hausteak: «Norbait hiltzen bada, orduan bai, guztiek esango dute hau eragotzi zitekeela, eta ahal dutena egingo dutela berriz gerta ez dadin».

Ekainaren 10ean, EAEko Auzitegi Nagusiak ELAri arrazoi eman zion kamioilari baten auzian: egiaztatu zuen lurren garraioan ari zen langile baten bizirako eta osasun fisikorako oinarrizko eskubideak urratzen ari zela Mirakontxa-Easo ABEEak azpikontratatutako enpresa bat. Ertzaintzaren txostenek diotenez, behargina bost aldiz behartu zuten baimenduta dagoen baino pisu gehiago eramatera.

Langileen salaketak

Metroaren lanetako hondakinak mugitzen dituzten kamioiek baimendutako gehienezko pisua baino %50 gehiago ere eramaten dute, eta Ertzaintzak, gutxienez, 25 salaketa jarri dizkio enpresari: «Normalean, kamioi horiek ezin izaten dituzte 26 tona baino gehiago mugitu, eta 44 tonarekin ere harrapatu dituzte». Ibilgailu horietako hainbatek, gainera, IATa iraungia dutela adierazi zuen San Josek.

Orain, epaia dela eta, 5.000 euroko isuna ordaindu behar izan du enpresak, istripu edo lesio larririk gertatu ez den arren. David Pena ELAko lan osasunerako abokatuaren iritziz, «balio izugarria du sententziak», eta aurrerantzean «lan baldintzen arau hauste gehiago salatzeko balioko du».

Langile horrek bere egoera salatzeagatik mehatxuak jasan zituela ere gaitzetsi zuen sindikatuak; hori salatu zuten, eta epaitegiek 12.000 euroko beste isun bat jarri diote enpresari. Badira borondatez lana utzi duten langileak ere, «euren segurtasuna bermatzeko».

Donostiako Zubietako kaleko lanak geldirik daude momentuz, baina ez Easo kalekoak. San Josek salatu zuenez, han ere antzeko arazoak izaten ari dira, eta gaineratu du badituztela tuneletako arau hausteak erakusten dituzten frogak: «Hori ezagututa, guk aurrera jarraituko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.