Bizkaian hasi du probaldia Batuz fakturazio sistemak

Zerga iruzurra eragozteko programa bat da, eta 35.000 enpresa boluntariorekin abiatu dute. 2022. urtean izango da derrigorrezkoa

Iruarrizaga eta Alonso, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO/ FOKU.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Edozein salmenta ogasunari ezkutatzea «ezinezko» bihurtu nahi duen sistema bat probatzen hasi da Bizkaiko Foru Aldundia, Batuz izenekoa. Aurrerantzean, Bizkaiko Ogasunaren egoitza elektronikoan erregistratuko dira lurraldeko denda, taberna eta beste establezimendutan egindako eragiketa ekonomiko guztiak, eta aldundiak balioztatutako software bat erabili beharko dute kontuak aurkezteko. Probaren ondoren, 2022ko urtarrilaren 1ean derrigorrezkoa izango da, Bizkaian ez ezik, baita Araban eta Gipuzkoan ere. Azken bi lurralde horietan 2021eko urtarrilean hasiko dituzte probak.

Eusko Jaurlaritzak eta ogasunak garatutako softwareak kode bat ezarriko dio sortutako faktura bakoitzari. Horrek iruzurrerako aukera murriztuko duela ziurtatu dute, ogasunen arabera, ezkutatze horiek baitira ohikoenak. Kontsumitzaileek ere faktura ogasunean aurkeztu den egiaztatu ahal izango dute, tiketean agertuko den QR kode baten bitartez.

Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, 35.000 enpresa boluntariok probatuko dute Batuz sistema, hamabost hilabetez. Epe hori igarotakoan,derrigorrez ezarriko da, fakturazio bolumena, tamaina edo jarduera sektorea edozein izanik ere. 20.000 eta 80.000 euro arteko zigorra ezarriko diete neurria betetzen ez dutenei. Iñaki Alonsok, Ogasuneko zuzendari nagusiak, moneta sistemarekin alderatu du egoera: «Eurora aldatu ginenean bezala da: egokitzeko denbora bat ezarri da lehenago, derrigorrezkoa denean denok sistemak egokituta eta prest edukitzeko».

Izan dira kritikak, ordea. Bizkaidendak elkarteko teknikari Santi Reyesek adierazi du komertzio txikiak ez direla kontuan hartu proba eperako: «Badakigu probak egiten ari direla, baina uste dugu soilik enpresa handiekin egiten ari direla; gure elkarteko tokiko merkatariekin ez dituzte probak egin».

Kostuekin arduratuta daude Bizkaidendak elkartekoak: «Horrelako neurriak derrigorrez ezartzea ulertzen dugu; kontrol horrekin ez dugu arazorik. Guk arazoa beste nonbait ikusten dugu: sistema ezartzeak izan ditzakeen kostuetan. Pandemiaren aurretik ere, sistema informatikoen eta bankuen eskaerak jaso ditugu, eta ez dira egokiak izan».

Aldundiak, hasieran, sei hilabeteko proba epea zuen aurreikusia, baina, COVID-19aren osteko egokitzapena «errazteko», hamabost hilabetera luzatu dute. Arduradunen arabera, «denbora nahikoa» da sistema berrira egokitzeko. «Ahalegin bat eskatzen ari gara zailtasunen eta ezjakintasunen garai honetan, baina konpromiso hau ezin dugu tiraderan gorde», azaldu du Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatuak.

Ezartzeko, laguntza

Bizkaiko Aldundiak zehaztu du Batuz-en kostuei aurre egiteko %30eko kenkaria ezarriko zaiela PFEZari eta sozietateen gaineko zergari. Kopuru «txikiegi» horrekin ere kritiko mintzo da Reyes. Bizkaidendak elkarteko teknikariarenhitzetan, «%30 hori ez da nahikoa. Kenkari horrez gain, uste dugu gastuak amortizatzeko diru laguntzak eman behar dituztela. Gure sektorean adineko jende asko dago; erregistro kutxarik ez duenik ere badago, eta horrelako kasuetan, kudeatzeko gogorra izango da».

Ogasunak komertzioen digitalizaziorako laguntzak ere iragarri ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.