Kataluniako Auzitegi Nagusiak bozen atzeratzea indargabetu du

Erabakia behin-behinekoa da. Otsailaren 14ko hauteskunde prozesua indarrean da berriz

Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Kataluniako bozak atzeratzeko erabakia bertan behera utzi du Kataluniako Auzitegi Nagusiak, behin-behinean, herritar batek jarritako helegiteari erantzunez. Salaketak dio hauteskundeak dataz aldatzeko dekretua oinarrizko eskubideen kontrakoa dela, eta auzitegiak erabakia indargabetzea onartu zuen atzo, kautelazko neurri gisa, bozak atzeratzeari buruz ebazten duen artean. Beraz, gaur-gaurkoz, indarrean da otsailaren 14rako bozetarako deia.

Auzitegiaren ustez, nahitaezkoa zen behin-behineko neurriak hartzea, bestela helegiteak bere «helburua» galduko lukeelako. Haren esanetan, dekretua indargabetu ezean, ezinezkoa litzateke otsailaren 14rako hauteskunde prozesuarekin jarraitzea, eta horrek oinarrizko eskubideak urratzeko arriskua lekarke.

Bozak atzeratzearen kontrako beste sei salatzaileren helegiteak ditu aztertzeko auzitegiak, horiek ere kautelazko neurriak hartzeko eskariekin. Helegiteak aurkeztu dituztenen artean dira Liga Demokratikoa, Ezkerreko Federalistak, Ezkerra Positiboan eta Bultzada Herritarra elkarteak. Auzitegiak tramiterako onartu duen lehena, bozen atzerapena indargabetu duena, Josep Asensio abokatuak aurkeztu du. Asensio mossoa izan da aurretik, 21 urtez.

Epaileek alegazioak aurkezteko aukera eman diete Kataluniako Gobernuari eta fiskaltzari, osteguneko 10:00ak arte. Auzitegiak «ahalik eta arinena» hartuko du helegiteen gaineko erabakia. Ebazpenik ezean, edo auzitegiak bozen atzeratzea legez kontrakotzat joko balu, urtarrilaren 29an hasi beharko luke hauteskunde kanpainak.

«Irizpide sanitarioa»

Generalitateak joan den ostiralean jakinarazi zuen bozak atzeratuko zituela, pandemiak herrialdean duen bilakaera okerra dela eta. Generalitatearen Osasun Sailaren txosten baten arabera,COVID-19ak kutsatuen kopuruak eta ZIU zaintza intentsiboetako unitateen okupazioak hauteskundeetarako hasiera batean jarritako eguna baino zertxobait lehenago joko dute goia. Osasun Sailak aurreikusten du egun horietan 3.000-4.000 positibo izango direla, eta 620-750 paziente ZIUetan. Maiatzaren 30erako ezarri zuen parlamenturako bozak egiteko data berria.

Osasun arrazoi horiengatik, Kataluniako Gobernua auzitegiaren ebazpenaren kontra mintzatu da. «Gobernua ez dator bat Kataluniako Auzitegi Nagusiaren erabakiarekin, [bozak atzeratzeko] neurriak indarrean dagoen irizpide sanitario eta epidemiologiko bati erantzuten baitio», nabarmendu du Meritxell Budo Generalitateko bozeramaileak. Gobernuak, baina, adierazi du epaileen erabakia errespetatuko duela, eta martxan jarriko ditu berriz ere hauteskundeen prestaketarako lanak; besteak beste, hauteskunde mahaietako kideak izendatzeko prozesua. Budok ziurtatu du bozak atzeratzeko gobernuak sinatu zuen dekretuak «oinarri juridiko sendoa» duela, baita adostasun politiko zabal baten babesa ere. Generalitateak ostegun goiza baino lehen aurkeztuko dituen alegazioen bidez babestuko du joan den ostiraleko dekretua. Auzitegiari auzia «azkar» argitzeko eskatu dio; aste honetan bertan.

PSC, salbuespena

Kataluniako alderdi politiko guztiak agertu dira herrialdeko Auzitegi Nagusiaren erabakiaren kontra, PSC eta PP salbu. PPk justiziaren erabakiarekiko «errespetu osoa» agertu du, eta PSCk ebazpenari men egiteko eskatu dio Kataluniako Gobernuari, eta hauteskunde prozesua berriz abiarazteko.

Marta Vilalta ERCko bozeramailearen iritziz, «onartezina da epaileek osasunarekin eta demokraziarekin jolastea». Laura Borras JxCren presidentegaiak bozetan esku hartzea leporatu dio Espainiako justiziari. «Jada ez dituzte emaitzak bakarrik judizializatzen, orain hauteskundeak ere judizializatzen dituzte. Onartezina da». CUPek nabarmendu du bozak otsailean egiteak 200.000 herritar behartuko lituzkeela «bozkatu ala oinarrizko osasun arauak urratu erabakitzera». Carlos Carrizosa Ciutadanseko presidentegaiak «parte hartze politikoa eta osasuna bateragarri» egitera deitu du.

Generalitatea alderdi guztiekin bildu zen bozak atzeratzeko pausoa eman aurretik, ahalik eta adostasun zabalenaren bila, eta guztien oniritzia jaso zuen PSCrena izan ezik. Alderdi sozialista data aldatzearen aurka agertu zen hasieratik, baina bozen atzerapen tekniko baterako prest azaldu zen azken momentuan. Hauteskundeak martxoaren 14an edo 21ean egiteko aukera mahaigaineratu zuen. Generalitateak proposatutako data onartu zuen gehiengoak, ordea: maiatzaren 30a.

Hori jakinda ere, bere asmoari eutsi zion PSCk. Hartutako erabakia justifikatzen duen «irizpide epidemiologikorik» ez dagoela salatu zuen Miquel Iceta alderdiko idazkari nagusiak. «Gauza bat da hauteskunde data aldatzea eta beste bat joko arauak aldatzea», adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.