Paramilitar unionistek mehatxu egin dute bake akordioa haustearekin

Ipar Irlandarako Protokoloa bertan behera uzteko exijitu dute hiru taldek. Bruselak «lege ekimenak» iragarri ditu Johnsonen erabakien aurka

Irlandan muga zurrun bat ezartzearen aurkako itsasgarri bat, Derryn, Ipar Irlandan. NEIL HALL / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Ipar Irlandako talde paramilitar unionistek Erresuma Batuko eta Irlandako Errepublikako gobernuburuei gutun bana bidali diete, adieraziz Ostiral Santuko Akordioari babesa emateri uko egingo diotela «behin-behinean», baina era «baketsu eta demokratikoan». Modu horretan, presio egin nahi dute Ipar Irlandarako Protokoloa aldatzeko.

Unionistek adierazi dute ez dutela atzera egingo bermatu arte «Erresuma Batuko herritar guztiek ondasun eta zerbitzuetara murrizketarik gabeko sarbidea» izango dutela. Izan ere, brexit-eko akordioaren arabera, Ipar Irlandak Europako Batasuneko merkatu bakarrean jarraituko du, Irlandako irlan muga zurrun bat ezartzea eragozteko.

Era berean, baina, Ipar Irlandan aduanak ezarri dira Britainia Handitik iristen diren merkantzientzat. Horrek hainbat produkturen eskasia eragin du Ipar Irlandan, akordioaren kritikoek salatu dutenez.

«Zuek edo Erresuma Batua ez bazaudete prest akordioaren osotasuna betetzeko, orduan, akordioaren behin betiko suntsipenaren arduradun izango zarete», azaltzen du David Campbellek sinatutako gutunak. Campbell Komunitate Loialisten Batzordeko presidentea da. Erakunde horren parte dira UVF Ulsterreko Boluntarioen Indarra, UDA Ulsterren Aldeko Elkartea eta Esku Gorria Komandoa talde paramilitarrak.

Azpimarratu dute Ipar Irlandaren eta Erresuma Batuko gainerako lurraldeen artean gauzatu den «merkataritzaren alterazioak» kezkatzen dituela, baina haien arrazoiak «askoz sakonagoak» direla: protokoloak Belfasteko Akordioa babesteko «helburua hausten du».

«Ez da fidagarria»

Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnsonek, brexit-a gauzatzeko, baietza eman behar izan zion protokoloari. Akordioan adostu bezala, egun, aduanetan ezarritako kontrolak gerora martxan jarriko direnak baino apalagoak dira, ezarritako graziazko epea dela medio.

Egoera horrek gehienez ekainera bitarte iraun beharko luke. Johnsonek, baina, ez dio amaiera eman nahi graziazko epe horri, Erresuma Batuko enpresetan izan dezakeen eraginagatik. Horregatik, epea luzatuko duela jakinarazi zuen asteazkenean.

Erabakiak hautsak harrotu ditu Bruselan, nazioarteko legearen aurkako mugimendutzat jo baitute. Izan ere, Batasunaren esanetan, Erresuma Batuak ezin dezake halako erabaki bat hartu bi aldeek adostu ezean. Hala, lehen pausoak iragarri ditu: «Lege ekimenak» aztertzea eta negoziazio prozesu «zurrunago» baten aldeko apustua.

Gogorragoa izan da Dublin, eta Simon Coveney Atzerri ministroak brexit-eko akordioaren «haustura garbitzat» jo du erabakia, «garairik txarrenean» iritsi dena. Ministroaren esanetan, Johnsonek garbi utzi du «fidagarria ez den bazkide bat» dela Batasunarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.