NATOk AEBekin berradiskidetu dela irudikatuz hasi du goi bilera

Bidenek bat egin du aliantzarekin. Txinari eta Errusiari nola aurre egin izan dute hizpide

Joe Biden AEBetako presidentea eta Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia, atzo, Bruselan. FRANCOIS MORI / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
«Nahi nuke Europa osoak jakitea AEBak bueltan direla». Bruselan lur hartu orduko egin zuen adierazpen arranditsu hori Joe Biden AEBetako presidenteak, aurreratuz ordu gutxi geroago NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen goi bileraren hasierak berretsiko zuena: Etxe Zuriak itunarekin bat egiteak zentralitatea izango duela atzo hasitako bilkuran, eta, ondorioz, baita haren agenda politikoak ere.

Nazioarteko aliantza politiko-militarreko gainerako gobernuekiko harremanari berrekin nahi dio Bidenek, nazioarteko lankidetza garrantzitsua baitzaio bere helburu behinena lortzeko: Txinaren hazkunde ekonomiko eta politikoari aurre egitea. Aliantzak «sekulako garrantzia» duela azpimarratu zuen atzo, eta bereziki aipatu zuen itunaren bosgarren artikulua, akordioarekin bat egindako herrialderen baten aurkako erasoa dagoenean gainerakoek ere ekinbideak hasiko dituztela dioena.

NATOk ere badu Mendebaldeko potentzia nagusiaren beharra. Horren erakusle, beso zabalik hartu zuen Jens Stoltenberg idazkari nagusiak AEBetako presidente berriaren iritsiera. Aitortu zuen Donald Trump Etxe Zuriko maizter ohiarekin gaiztotu egin zela harremana, baina nabarmendu zuen, «buruzagi indibidualen» gainetik, erakundeak jakin duela bere erabilgarritasuna erakusten. AEBak aliantzara batzeak «kapitulu berri bat» zabaltzen duela adierazi zuen, eta garrantzitsua dela hori nazioarteko erakundeak egun dituen erronkak ikusirik. «Funtsezko» momentu bat baita hau Stoltenbergentzat, erronka handikoa: «Klima aldaketa eta armen kontrola bezalako auzien inguruko konpromisoak hartu behar ditugu, baina Txinaren gaitasun militarra handitzeak eta bere jokabide errepresiboak erronkak planteatzen dizkio gure agendari».

Izan ere, Bidenek hizpide izan zituen Txina eta Errusia bileraren aurretik, biak ere espero zutenarekiko «modu koherentean» ez direla ari esanez. Bi herrialde horiekiko etsaitasuna handitu nahi du AEBetako presidenteak NATOren barruan, baina erakundea osatzen duten 30 herrialdeek ez dute borondate berbera horretarako. Stoltenbergek onartu zuen erakundearen lehentasunen artean dagoela Txinarekiko posizioa finkatzea, hark mundu mailan hartu duen garrantzia kontuan izanik, baina baztertu egin zuen Pekin «etsaitzat» hartzea. «Ez gara sartuko beste Gerra Hotz batean, eta Txina ez da gure etsaia, baina elkarrekin heldu behar diegu dakartzan erronkei», azaldu zuen.

Bilerak muturrerago eraman zuen posizio hori, ordea, eta, behin amaituta, Stoltenbergek berak esan zuen «aliatuen artean konbergentzia handia» dagoela «erregimen autoritarioei» aurka egiterakoan, Txinari eta Errusiari erreferentzia eginez.

Bigarrenari dagokionez, idazkari nagusiak adierazi zuen Moskurekiko harremana «Gerra Hotzaren garaitik izan den puntu baxuenean» dagoela, eta, «egungo testuinguruan», Errusiaren eta Ukrainaren arteko harremana erakundearen lehentasun nagusien artean dagoela. NATOko aliatuek Errusiak Krimea anexionatu izana kritikatu zuten, eta Kremlini eskatu zioten bere tropak Ukraina ekialdetik erretiratzeko. Eskakizun gehiago ere egin zizkioten, hala nola Abkhaziaren eta Hego Osetiaren independentzia aitortzeari uzteko, Moldaviatik tropak ateratzeko eta Bielorrusiari laguntza emateari uzteko.

Hain justu, Biden Vladimir Putin Errusiako presidentearekin elkartzekoa da bihar. Armen erabileraren inguruan hitz egingo dute, batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.