Gerra Ukrainan

Errusiak adierazi du Ukrainako ontziei segurtasuna bermatuko diela

Kremlinek Kievi eskatu dio portuetatik minak kentzeko. Ukrainak ez du bere segurtasuna ahuldu nahi

Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov eta Mevlut Çavusoglu Turkiakoa, atzo, Ankaran egindako bileran. STR / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Otsailaren 24tik Ukrainako portuetan blokeatuta dauden 25 milioi tona gari inguru esportatzeko asmoa du Errusiak. «Prest gaude Bosforo itsasartera [Turkia] doazen Ukrainako zamaontziei segurtasuna bermatzeko, gure kide Turkiarekin batera», adierazi zuen atzo Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak, Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroarekin bilera egin osteko agerraldi bateratuan, Ankaran. Hori bai, Ukrainari eskaera argi bat egin zioten «operazio humanitarioa» martxan jartzeko: «Bere portuetatik minak kentzea».

Lavrov eta Çavusoglu Ukrainako garia eta gainerako elikagaiak esportatzeko beharrezkoak diren mekanismoez eztabaidatzen aritu ziren, besteak beste. «Errusiak beharrezko urratsak egin ditu garia garraiatzeko korridoreak irekitzeko», esan zuen Lavrovek. Ostera, oroitarazi zuenez, arazoa konpontzeko, Ukrainak bere portuetatik ateratzen utzi behar die zamaontziei. «Horrez gain, portu ingurutik minak kendu behar dituzte. Ez da besterik behar». Turkiak bere burua aurkeztu du minak kentzeko; besteak beste, Odesako portutik.

Kievek, ordea, ez du nahi bere segurtasuna arriskuan jarri, portuen defentsa «ahulduko» litzatekeelako, Oleg Nikolenko Ukrainako Atzerri ministroaren bozeramaileak atzo adierazi zuenez. Horren inguruan, Lavrovek mezu hau igorri zion Ukrainari: «Gariaren esportazioaren eta minak kentzearen planak ez ditugu baliatuko gure operazio militar berezirako».

Aitzitik, Errusiako Atzerri ministroak Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari aurpegiratu zion gariaren esportazioaren inguruko negoziazioak «oztopatzea». Haren esanetan, Kievek Mendebaldeari arma gehiago eskatzen dizkio itsas ibilbideak babestu ahal izateko. «Horrek agerian uzten du Zelenskik zer asmo dituen. Ukrainako agintariak horretarako helduak badira», zehaztu zuen.

Lavroven antzera, Turkiako Atzerri ministroak ere nabarmendu zuen «beharrezkoa» dela Ukrainako portuak «seguru» mantentzea, kargaontziek garia Itsaso Beltzera ateratzeko itsas korridore bat ezarri ahal izateko. «Minak kentzea lortzen ez bada, ezin da itsas korridorerik ireki», adierazi zuen Çavusogluk. Halaber, azaldu zuenez, NBE Nazio Batuen Erakundearekin batera «baldintzak egituratzen» saiatzen ari dira, lau aldeek —NBE, Errusia, Ukraina eta Turkia— korridore horiek ezartzea onargarritzat jo dezaten.

NBEk argitaratutako txosten baten arabera, Ukrainako gerrak piztutako elikagai krisiak mundu osoko 1.600 milioi pertsona ingururi eragiten die. Ukraina munduko zereal esportatzaile handienetako bat da, eta Mendebaldeko herrialdeek Errusiari leporatu diote munduko gosete arriskua sortzea, Itsaso Beltzera irteera duten Ukrainako portuak blokeatu ondotik.

Moskuk, berriz, ukatu egin du nazioarteko elikagai krisian erantzukizuna duela, eta Mendebaldeko zigorrei egotzi die errua. Hala, Kremlin Mendebaldeari eskatzen ari zaio Errusiari ezarritako zigorrak kentzeko, zerealak nazioarteko merkatura iritsi ahal izateko eta elikagaien krisia arintzen laguntzeko. Çavusogluk ere eskaera bera egin zion Mendebaldeko blokeari.

Zaporizhiako (Ukraina) administrazio zibil militarreko buruzagi errusiazaleak atzo jakinarazi zuen lehen zereal kargamentua bidali dutela Errusiak 2014an anexionatutako Krimea penintsulara, trenez. Krimeara ez ezik Turkiara eta Ekialde Hurbilera ere zerealak bidaltzen ari direla onartu zuen Kieven salaketei entzungor eginez, Rossia Errusiako telebista publikoak jasotakoaren arabera.

Bada, Ukrainako nekazaritza ekoizleen sindikatuko zuzendariordeak atzo salatu zuen Errusiak jada 600.000 tona gari «lapurtu» dituela okupatutako eskualdeetatik. Kievek kalte ordaina eskatuko dio Moskuri zerealak «lapurtzeagatik eta nekazarien jabetzak suntsitzeagatik».

Giroa, «lehen baino hobea»

Turkiako Atzerri ministroak ziurtatu zuen Ukrainaren eta Errusiaren arteko giroa «lehen baino hobea» dela negoziazio mahaira itzultzeko. Gaur-gaurkoz, egoera blokeatuta dago Moskuren eta Kieven artean. Bi aldeak martxoaren 29an bildu ziren azkenekoz negoziatzeko, eta ordutik ez dute bilera gehiago egin aurrez aurre.

Bestalde, Zaporizhiako administrazio zibil militarreko buruzagi errusiazaleak atzo jakinarazi zuen Errusiara batzeko erreferendum bat egiteko asmoa dutela datorren udazkenean. Moskuren arabera, Errusiak eskualdearen «%80» okupatua du. Bestalde, Kremlinek atzo adierazi zuen Mariupolgo altzairutegian «errenditutako» Ukrainako mila bat soldadu eta «mertzenario» Errusiara eraman zituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.