Izarrez beteko da

Donostiako Klasikoan izango dira, besteak beste, Van Aert eta Alaphilippe. Lasterketa datorren larunbatean jokatuko da

Donostiako Klasikoaren antolatzaileak, atzo, aurtengo lasterketaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU.
pettan uralde
Donostia
2022ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Julian Alaphilippe, Remco Evenepoel (Quick-Step), Wout van Aert (Jumbo-Visma) eta halako ko izarrak egongo dira aurtengo Donostiako Klasikoan. Horixe baieztatu zuten atzo lasterketakoantolatzaileak. Ibilbide ofiziala aurkeztu zuten atzo, Donostiako udaletxean, eta iragarri zuten berritasun moduan azken hiru kilometroetan aldaketak izango direla.

Datorren larunbatean, hilaren 30ean, jokatuko da lasterketa, eta txirrindulariek 225 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Jaizkibelgo (455 metro), Erlaitzeko (443 metro) eta Murgileko (254 metro) pasabide zorrotzetik pasatuko dira, eta, ohi bezala, helmuga Bulebarrean izango dute. Hiru mendate horiek nabarmendu arren, guztira sei izango dira. Azkena, helmugatik kilometro gutxira, normalean lasterketa erabakitzen den tokian. Julian Eraso lasterketaren antolakuntzako buruak ondorengoa nabarmendu zuen: «Egutegiko klasiko garrantzitsuenetako bat da Donostiakoa. Lasterketaren oihartzunaren adibide garbienetakoa da orain arte lortutako txirrindularien zerrenda».

Guztira, 168 txirrindulari izango dira irteeran, 24 taldetan banatuta. Hemezortzi World Tourrekoak izango dira, eta sei, gonbidatuak. Azken horien artean daude Euskaltel Euskadi, Caja Rural eta Kern Pharma.

Alaphilippe, Evenepoel eta Van Aertez gain, parte hartzaileen behin-behineko zerrendan txirrindulari handiak daude: Neilson Powless (Education First) Klasikoaren irabazlea, Alejandro Valverde (Movistar), Vincenzo Nibali (Astana), Mikel Landa (Bahrain), Joao Almeida eta Juan Ayuso (UAE ), Jonas Vingegaard (Jumbo-Visma) eta David Gaudu (Groupama-FDJ), beste askoren artean.

Euskal txirrindularien artean, berriz, izen hauek aipatu behar dira: Landa bera; Ion Izagirre (Cofidis); Alex Aranburu eta Gorka Izagirre (Movistar); Urko Berrade, Ivan Ruiz, Igor Arrieta (Kern Pharma); Mikel Nieve eta Jonathan Lastra(Caja Rural); eta Xabier Mikel Azparren eta Unai Iribar (Euskaltel-Euskadi).

Irteera baino lehen omenaldia egingo diote Valverderi. Haren azken Donostiako Klasikoa izango da, denboraldi amaieran erretiroa hartuko duela iragarri baitu. Ohorezko aurreskua dantzatuko diote, eta txapela jantzi bere ibilbideagatik. Gainera, Valverdek berak Marino Lejarreta berdindu dezake palmares orokorrean. Lejarretak hiru irabazi zituen, eta Valverdek bi dauzka oraingoz.

Vingegaarden zain

Bihar bukatuko da Frantziako Tourra, eta, ezusterik ezean, Jonas Vingegaardek irabaziko du. Klasikoaren antolakuntzak argitaratutako behin-behineko dortsalen zerrendan dago danimarkarra.

Tourrean distira egin du Jumbo-Vismako liderrak, bi etapa irabaziz, eta maillot horia eramanez. Zalantzarik gabe lasterketako pizgarri handienetako bat izango litzateke hura Donostiako irteeran egotea. Hala ere, Tourra bukatuta hartuko du behin betiko erabakia txirrindulari danimarkarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.