Trumpen presioen ostean, petrolio ekoizpena pixka bat handituko du LPEEk

Iranek onartu du Saudi Arabiaren proposamena, funtsean, 2016ko azaroan hitzartutako produkzioa beteko baitute orain karteleko kideek

LPEEko ministroak, atzo, Vienan. IERA HERRANZ / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Uda honetan gasolinaren eta gasolioaren prezioa askoz gehiago ez garestitzeko erabaki garrantzitsu bat hartu zuten atzo, Vienan. LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko kideek adostu zuten beren ekoizpena ehunka mila upel batzuk handitzea. Neurri batean, Donald Trump AEBetako presidenteari zor zaio atzoko erabakia, bere presioak bultzatu zuelako Saudi Arabia aliatua ekoizpena handitzeko adostasuna bilatzera.

Eta Trump izanik istorioaren protagonistetako bat, ez da hain harritzekoa Iran izatea LPEEn akordioa lortzeko oztopo nagusia. Aurreko egunetan, Teheranek uko egin dio Trumpen «apetagatik» ekoizpena handitzeari, eta gogorarazi du Brent petrolio upela 80 dolarrera igotzearen arrazoietako bat AEBetako presidentea dela. Izan ere, Washingtonek Iraneko akordio nuklearretik atera izanak tentsioa sortu du merkatuetan, baina, batez ere, errotik eten ditu Iranek bere ekoizpena berreskuratzeko saioak. Mendebaldeko konpainien beharra du Teheranek bere azpiegitura zaharkitua berritu eta ekoizpena handitzeko, baina nekez egingo du AEBek Iranekin tratuak egiten dituzten enpresak zigortzen baditu.

Edonola ere, Bijan Namdar Zanganeh Irango Petrolio ministroak onartu egin zuen atzo Saudi Arabiaren proposamena. Etsai amorratuak dira erresuma sunita eta errepublika xiita, baina biek badute interes komun bat: ahalik eta etekinik handiena ateratzea beren petrolio erreserba handiei.

Biek saldu dezaketen ituna

Biek ala biek etxean sal dezaketen akordioa hitzartu dute. Saudi Arabiak esan dezake ekoizpena handitu duela, eta Iranek, berriz, 2016ko azaroan hitzartutakora itzuli direla. Orduko bilera horretan, LPEEk eta beste ekoizle handi batzuek —Errusia buru zutela— erabaki zuten 1,8 milioi upel ateratzea merkatutik, prezioa igo zedin. Helburua bete zuten, orduko 45 dolarretik 80ra iritsi baita udaberri honetan.

Prezioak bikoiztu izanaren arrazoietako bat da benetan ekoizpena 2,8 milioi upel jaitsi dutela LPEEk eta aliatuek, arrazoi teknikoengatik eta gatazkengatik, dagokiena baino gutxiago produzitzen ari direlako Venezuela, Angola, Libia eta Iran bera.

LPEEk atzo lortutako akordioak ez du kopururik aipatzen, soilik aurretik hitzartutakoa beteko dutela. Horrek esan nahi du gutxi gorabehera milioi bat upel handitu beharko luketela ekoizpena: %70 LPEEko kideek, eta %30Errusiak eta beste ekoizleek. Baina, kartelaren barruan asko ez daudenez ekoizpena handitzeko moduan, eta banaketa kuotak aldatu ez dituztenez, badirudi benetako igoera 250.000 upel gutxiago izatea. Hori, betiere, LPEEko kideek dagokien kuota betetzen badute; azkenaldian fin dabiltza horretan, baina historikoki ez betetzea izan da ohikoena.

Merkatuek duela aste batzuk islatu zuten atzoko ituna, eta 74.75 dolarrera merkatu zuten upela. Atzo, berriz, igo egin zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.