Zaila bai, baina ez ezinezkoa

Bera Berak Txapeldunen Ligara sailkatzeko atarikoa jokatu du gaur eta bihar, Polonian
Bera Berak Realeko elastikoarekin jokatu zuen duela bi sasoi Txapeldunen Ligako atarikoa.
Bera Berak Realeko elastikoarekin jokatu zuen duela bi sasoi Txapeldunen Ligako atarikoa. GORKA RUBIO / FOKU

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko irailak 8
Presiorik gabe, ezustekoa emateko fedearekin eta gauzak ondo egiteko ilusioarekin. Super Amara Bera Berak hala jokatuko du Txapeldunen Ligako atarikoa asteburu honetan, Poloniako Lublin hirian. Alemaniako BBM Bietigheim izango du lehen aurkaria, gaur, (16:00). Talde oso gogorra da: «Txapeldunen Liga jokatzeko eginda dagoena», Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzailearen arabera. Alvarezek uste du erasoan asko mugituta eta defentsan ausart jokatuta irabazteko aukeraren bat izan dezaketela. Biharko norgehiagoka samurragoa izan daitekeela uste du, Perla Lublinen—etxeko taldea— edo Jomi Salernoren— Italiako txapelduna—kontra.

Kontuak argiak dira: bi partidak irabaziz gero, Txapeldunen Liga jokatzeko balentria lortuko dute donostiarrek; bat irabaziz gero, berriz, EHF Kopako hirugarren kanporaketari heldu beharko liokete, azaroan. Biak galduta, hilabete honetan bertan hasi beharko dute EHF Kopa jokatzen.

Txapeldunen Liga «diferentea» dela onartu du Alvarezek. «Eskarmentua hartzen lagundu, eta hobeago egingo gaitu. Taldea egokitzeko, gainera, oso ondo etorriko zaigu egun hauek elkarrekin pasatzea. Emaitza onak lortuz gero, gainera, indartuta bueltatuko gara».

Diferentea izan arren, partidak berdin prestatu dituzte: «Jokalariak ilusioz ikusten ditut. Jakitun dira oso zaila dela multzokako faserako sailkatzea, egokitu zaigun aurkaria oso gogorra delako. Baina eguna iritsi ahala, fede handiagoz ikusi ditut, eta ezustea ematea posible dela pentsatuz».

BBM Bietigheim Alemaniako Ligako txapeldunordea da. «Oso talde sendoa eta indartsua da». Goi mailako jokalariak ditu. Horietako asko nazioartean jokatzera ohituta daude. Izen nabarmenenak hauek dira: Karolina Kudlacz-Gloc, Kim Naidzinavicius eta Valentyna Salamakha.« Joan-etorriak oso bizkor egiten dituzte, fisikoki oso indartsuak dira, eta kanpotik oso gogor jaurtitzen dute. Gutxi behar dute golak sartzeko».

Irabazteko aukera izateko ondorengo gakoak aipatu ditu: «Gure piboteen eta hegalekoen abiadura eta mugitzeko duten gaitasuna baliatu behar ditugu, zuloak topatu eta golak lortzeko. Defentsan ere ausart jardun behar dugu, haien mugimenduei aurrea hartuz eta eroso jokatzen ez uzten».

Fisikoa erabakigarria izan daitekeela uste du: «Haiek oso jokalari garaiak eta sendoak dira. Alor horretan asko eman beharko dugu». Beraz, jokalari guztiek izango dute zeregina. Bi egunetan bi partida jokatuta, funtsezkoa iruditzen zaio indarrak ondo neurtzea: «Logikari jarraituz, partida erabakigarria bihar izango dugu». Haren ustez, Lublini edo Salernori irabazteko aukera gehiago dituzte. «Bien arteko partidan Lublin ikusten dut faborito, etxean jokatzen duelako eta talde indartsuagoa delako». Horrenbestez, hirugarren eta laugarren postua, ezusterik ezean, Salernoren kontra jokatuko lukete. «Talde indartsua da, baina irabazteko aukerak ikusten ditut. Haien maila Ro'Casaren eta Guardesen parekoa litzateke». Bizkor jokatzen duen taldea dela nabarmendu du, eta kontraerasoa ondo baliatzen duena: «Baina hain azkar jokatuta, huts asko egiten dituzte, eta baloi asko galdu. Hori baliatu behar dugu».

EHFko bigarren kanporaketa saihesteari garrantzia ematen dio Alvarezek. «Uste dut hori garrantzitsua dela. Azarora bitarte arreta osoa ligan jartzeko aukera emango liguke, eta bidaia luze bat saihestuko genuke, ziurrenik kanporaketa hori Errusian jokatu beharko baikenuke».

Aurreko asteburuan Gijonen aurka Espainiako Superkopa irabazi izanak hauspoa eman behar diela uste du: «Norgehiagoka serioa jokatu genuen, eta ez genuen estutasunik pasatu». Ondo egindako gauzen artean ondorengoak aipatu ditu Alvarezek: «Geldikako erasoan jaurtiketa asko egiteko aukera izan genuen, ez genituen baloi asko galdu eta defentsan ondo mugitu ginen». Baina zer hobetuan ere jarri du arreta: «Irekiago defendatzea nahiko nuke, eta, erasoan, hegalekoekin gehiago jokatzea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna