Espainiako Gobernuak Google eta Tobin tasen bertsio arinak onartu ditu

Plataforma digital handien publizitatea eta bitartekaritza zergapetuko ditu, baina ez salmentak. Finantzetan, akzioen salerosketa soilik

Internet bidezko publizitateak zerga ordaintzea da Google tasaren helburua. SASCHA STEINBACH / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Interneteko multinazional handien eta espekulatzaileen patrikak asko hustuko ez dituzten bi tasa onartu ditu Espainiako Gobernuak. Google tasaren bitartez, helburua du plataforma digitalek orain arte baino ekarpen handiagoa egitea ogasunei; Tobin tasak, berriz, burtsan akzioak salerosten dituztenak ditu jomuga. Bi tasek aurrera eginez gero, urtean 2.000 milioi gehiago bilduko dituzte ogasunek.

Lege proiektuen bitartez tramitatuko ditu bi tasak Madrilgo gobernuak. Horrek esan nahi du indarrean jarri ahal izateko Espainiako Gorteetako beste talde batzuen babesa lortu beharko duela PSOEk. Egingarria dirudi, tasa batek zein besteak jarraitzaileak baitituzte ezker-eskuin.

Google tasak, esaterako, Europako Batzordearen babes osoa dauka, uste baitu haren bitartez lor dezakeela AEBetako erraldoi digitalek zerga batzuk ordaintzea Europako Batasunean. Gaur egun, legezko trikimailuen bitartez, Europan lortzen dituzten irabazi gehienek zerga batere edo oso gutxi ordainduta egiten dute alde kontinentetik, paradisu fiskaletara normalean. Tasa EB osoan ezartzen saiatu da Brusela, baina asmo hori trabatu dute multinazional digitalei gauzak errazten dizkieten estatuek, hala nola Irlandak eta eskandinaviarrek.

Hain zuzen ere, Zenbait Zerbitzu Digitalen Tasak —Espainiako Google tasaren izena— bere egiten ditu Batzordeak egindako proposamenak. Batetik, enpresa handiei soilik eragiten die —munduan 750 milioi eurotik gora eta Espainian hiru milioi euro baino gehiago fakturatzen dituztenek ordainduko dute—, eta, bestetik, hiru operazio zergapetuko ditu: sarean egiten den publizitatea, bitartekaritza zerbitzuak eta datuen salerosketa. Zehazki, operazio horien fakturazioaren %3 pagatu beharko dute. Zehaztapen bat ere egin du Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak: ez die publizitate kanpaina arruntei eragingo, baizik eta hartzailea espresuki kontuan hartzen dutenei. «Zuzendutako publizitatea zergapetuko dugu, eta ez El Corte Inglesen edo Zararen publizitatea duen orria. Kontsumitzailearen gustuak aztertu dituen plataformak pagatuko du, ez webguneak».

Batzordearen irizpideei jarraituz, tasatik salbuetsita geratuko dira ondasunen salerosketa eta zerbitzuena. Hau da, Googleri eta Facebooki gehiago eragingo diola Amazoni baino.

Gobernuak espero du urtean 1.200 milioi jaso ahal izango dituela. Kopuru baikorregia iruditu zaio ogasuneko teknikarien sindikatuari, Gesthari.

Tobin tasa

Finantza Eragiketen Tasaren bidez, berriz, 850 milioi jaso ditzakeela kalkulatu du Espainiako Gobernuak. Bere ardurapeko finantza merkatuetan salerosten diren akzioen salerosketei ezarriko diete. Salerosketa bakoitzeko %0,2ko tasa ordainduko du bitartekariak, edonongoa izanda ere. Soilik eragingo die burtsan mila milioi eurotik gorako balioa duten enpresei, horien artean Euskal Herrian egoitza duten zortziri: BBVA, Iberdrola, Cie Automotive, Siemens Gamesa, Viscofan, Vidrala, CAF eta Euskaltel.

Espekulazio hutsa gutxitzeko asmoa zuen Tobin tasaren bertsio urardotua hautatu du Madrilek; tasa ordaintzetik kanpo geratuko dira zor publikoa eta pribatua, eta finantza produktu deribatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.