«Minaren» aurkako izenpeak

Lorente-Tellaetxe familiak, beste sendi bati atxikita, eutanasia legeztatzeko eskatu du Madrilen

Sinadurak aurkezteko agerraldia, atzo, Kongresuko atarian. J.J. GUILLEN / EFE.
arantxa iraola
2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
«Ez ezazue negoziatu minarekin eta sufrimenduarekin». Eskari hori egin zuten atzo Madrilen, Espainiako Kongresuan, Lorente-Tellaetxe familiako kideek; Portugaleteko (Bizkaia) sendi bat da, hilabeteak daramatzanak amarentzat eutanasia eskatzen. Alzheimerra oso aurreratua du egun hark, eta ez da bere buruaren jabe, baina endekapen fase hori heldu aurretik argi idatzita utzi zuen ez zuela era horretan bizi nahi: nahiago zuela eutanasia.Familiakoentzako testuetan, eta aurretiazko borondateen agirian, hainbat eratan utzi zuen jasota bere gogoa. Haren seme-alabek eta senarrak atzo bat egin zuten Madrilen aurretik eutanasia legeztatzeko eskaria egiten ari den beste sendi batekin —Luis De Marcos Veraren etxekoak; esklerosia zuen, eta 2017an hil zen—. Denen artean 280.000 izenpe aurkeztu zituzten eskearen alde.

Argazki esanguratsua izan zen; izan ere, Espainiako Kongresuan tramitatzen ari dira eutanasiaren gaineko lege proiektu bat: praktika hori legeztatzea proposatzen du. PSOEk aurkeztu zuen, uztailaren 2an ontzat jo zen testu hori aintzat hartzea, eta iragan urriaren 25ean lortu zen ez onartzea PPk legearen kontra aurkeztutako osoko zuzenketa. Ondorioz, aurrera egin zuen. Bozketetan, bi alderdi bakarrik azaldu dira legeztatzearen kontra: PP eta UPN.

Ordutik, ordea, geratuta dago tramitazioa; hala deitoratu dute usu eutanasiaren alde diharduten elkarteek, PP eta Ciudadanos trabak jartzen ari direla esan dute; atzo PSOEko diputatu Jesus Maria Fernandezek kritika hori bera berretsi zuen: salatu zuen bi alderdiak ari direla «blokeo» lanetan. Zuzenketen fasea «behin eta berriz» luzatzen ari direla esan zuen, eta Ciudadanosek, bereziki, argitu egin beharko lukeela zergatik ari den jarrera horretan; behin testuaren tramitazioaren aldeko boza eman eta gero, paradoxikotzat dute.

Urak aski nahasita daude Espainiako politikagintzan; Vox alderdia lortzen ari den indarraren ondorioz hainbat jarrera kontserbadoretan gotortzen ari dira talde eskuindarrak. Ciudadanosen jokabidea horrekin lotuta dagoela pentsatzen dute sozialistek. Haiek, baina, ukatu egin dute blokeo lana; dena den, azalpen lausoak eman dituzte gaiaz. Francisco Igea parlamentariak atzo gogora ekarri zuen haiek aurretik bizitzaren amaierako zaintzak bermatzeko lege bat aurkeztu zutela —ez du eutanasia egiteko aterik zabaltzen testuak; aurretik badira antzeko legeak—, Espainiako Senatuan tramitatzen ari direla egun testua, eta lege hori taxuz lantzen jarraitzea ezinbestekoa iruditzen zaiela eutanasiaren gaian sakontzen hasi aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.