Preso katalan hautetsiek askatasuna eskatu dute diputatu izan ahal izateko

Junquerasen, Romevaren, Rullen, Turullen eta Sanchezen defentsek eskaera egin diote Gorenari. Torrak elkarrizketa eskatu dio Madrili

Pina eta Van den Eynde abokatuak, atzo, Gorenaren atean. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Oriol Junqueras, Josep Rull, Jordi Turull eta Jordi Sanchez Espainiako Kongresuko diputatu izateko aukeratu zituzten joan den apirilaren 28an, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. Raul Romeva, bestalde, Senaturako hautatu zuten hautesleek. Baina behin-behineko kartzelaldian daude bostak, Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako auzi judiziala dela eta. Kongresua eta Senatua osatzeko saioak hilaren 21ean egingo dituzte, eta, horietara joan ahal izateko, hautetsi presoek aske utzi ditzala eskatu zioten, atzo, Auzitegi Gorenari. «Aske uzteko eskatzen dugu, ez soilik maiatzaren 21erako, baita aurrez aurrekoak diren aurreko zein ondorengo ekintzetarako ere», nabarmendu zuten Jordi Pina eta Andreu Van den Eynde abokatuek atzo, Gorenaren aurrean. Han ari dira hautetsiak epaitzen.

Turullen, Rullen eta Sanchezen abokatua da Pina, eta, atzo azpimarratu zuenez, Gorenak defentsen eskaerak ontzat hartzen baditu preso hautetsiei ezarritako kautelazko neurriak indargabetu beharko lituzke. Horietako bat da behin-behineko kartzelaldia.

Espainiako Gorteetarako hautagaiak izango zirela jakinarazi zutenean, defentsek presoak behin-behineko askatzeko eskatu zuten. Gorenak, halere, eskaera baztertu zuen.

Zenbait hedabidek Goreneko iturriak aipatuz kaleratu dutenaren arabera, auzitegiak ez du trabarik jarriko hautetsiek diputatu eta senatari karguak har ditzaten. Kontuan hartu behar da, gainera, Gorenak joan den apirilaren 30ean argitaratu zuela buruzagi subiranisten kontrako epaiketaren maiatzeko egutegia, eta libre utzi zuela hilaren 21a, asteartean.

Gorenak kargua hartzeko baimena eman diezaieke politikari presoei, bai. Baina aintzat hartuta sekulako ezustekorik ezean ez dituela behin-behinean aske utziko, ikusi beharko da ea Gorenak botoa delegatzeko aukera ematen dien. Horri dagokionez, gainera, zurruna da ganberaren araudia.

Dena den, Kataluniako Parlamentuan jarraitutako estrategiari eutsi diezaioke Gorenak oraingoan ere. Espainiako Prozedura Kriminalerako Legearen 384 bis artikulua aplikatu zuen orduan. Horren arabera, kargu politiko bati kargu publikoa eteten zaio baldin eta matxinada delituagatik auzipetua eta kartzelatua baldin badago; hain zuzen, hori da bost hautetsi presoen kasua. El Periodico egunkariak atzo kaleratu zuenez, Gorena bide hori hartzekotan da. Horrenbestez, lau diputatuak eta senatariak kargugabetuko lituzke.

Bestetik, apirilaren 28ko hauteskundeen ondorengo aurreneko kontrol saioa egin zuten atzo Kataluniako Legebiltzarrean, eta Quim Torra Generalitateko presidenteak elkarrizketa mahaira itzultzeko eskatu zion Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteari. «PSOEri agindu oso argia eman diote emaitzek. Espero dugu Espainiako herritarrek bozkatutakoa ondo entzungo duela», adierazi zuen Torrak.

Junquerasek, bestalde, Kataluniako Parlamentuko diputatu akta utzi du, ERC Esquerra Republicanak atzo jakinarazi zuenez. Alderdiaren esanetan, Kongresuko akta lehenesten du. Dena den, ez dago argi diputatu izan ahal izango duen. Gainera, Europako Parlamenturako hauteskundeetarako hautagaia da.

Ciudadanosen helegitea

Madrilgo epaitegi batek joan den astelehenean ebatzi zuen Carles Puigdemont Europako bozetarako hautagaia izan litekeela. Ciudadanos alderdiak babes helegite bat aurkeztu zuen atzo Auzitegi Konstituzionalean, Generalitateko presidente kargugabetuaren hautagaitza indargabetu dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.