Aldundia ez da agertu Gipuzkoako zaharren egoitzez jarduteko bilerara

Lan gatazkaz aritzeko zen, ELAren eskariz Jaurlaritzako Lan Sailaren Gipuzkoako ordezkaritzak deitua. Grebaldia hasiko dute astelehenean

Zahar etxeetako langileen protesta bat, artxiboko irudi batean. A. CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Ez da aurrerabiderik Gipuzkoako zahar etxeen lan hitzarmena berritzeko negoziazioetan, eta langileek hilabete ugari daramatzate protestaren bidea hautatuta. Hori aintzat hartuta, ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritzako Lan Sailari eskatu dio esku hartzeko auzian, eta erakunde horrek bilera batera deitu zituen atzo gatazkan zeresana duten eragileak: sindikatuak, enpresak eta Gipuzkoako Foru Aldundia. ELAk salatu duenez, ordea, inor ez zen agertu diputaziotik. Sindikatuko ordezkari Txomin Lasaren arabera, Lan Saileko ordezkariek bezperan esan zieten bileran ez zela inor faltako, baina langileen ordezkariak eta patronalekoak soilik agertu ziren. Lasak gogor kritikatu du diputazioa: «Arduragabekeria iruditzen zaigu. Are gehiago: errespetu falta». LABen izenean, Ane Sarriegik gogora ekarri du haiek ere egin izan dutela ahalegina aldundia negoziazioetara hurbiltzeko. «Baina ezetz esan zuen».

Horiek horrela, ez da aldaketarik mobilizazioen egutegian; ELAk deitutako grebaldia astelehenean hasiko da, eta uztailaren 12ra arte eusteko asmoa dute. Aurretik 62 greba egun eginak dituzte; LABek deituta, hogeitik gora.

ELAk adierazi du auzia konponbidean jarri nahi zutela bilerarekin. ELAk denbora asko darama negoziazio mahaitik kanpo, baina jakina da ibilia dela patronalekin harremanetan, eta akordio bat lortzeko bidea urratu zuela. Usu salatu du, ordea, aldundiak zapuztu zuela hori.

LAB sindikatuak ere sarri adierazi du aldundiak esku hartu beharko lukeela auzian —egoitzetako toki gehienak itunpekoak dira—. Sindikatuen arabera, enpresek diote diru gehiago izan ezean ezin dutela deus hobea eskaini, eta, beraz, diputazioak esku hartu behar du finantzaketan. Aldundiko iturriek, berriz, behin eta berriz argudiatu dute lan arloko gatazka dela, sindikatuek eta enpresek konpondu beharrekoa. Arloan ELAk du gehiengoa: %60ko ordezkaritza.

Sektorean 5.000 langile inguru ari dira, gehienak andreak. Sindikatuek sarri esan dute langileen eskubideez harago egoitzetako egoiliarrenak ere aintzat hartu behar direla. Lansariarekin-eta lotutako hobekuntzez gain, aldaketak eskatu dituzte ratioetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu