Erresuma Batuaren Europarako ministroak dimititu egin du

Alderdi Kontserbadoreko bi ministrok dimisioa aurkezteko asmoa dute Johnsonek irabazten badu. Inkesten arabera, bera da faboritoa

2019ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
«Pare bat egun lehenago dimititzen dut, nire iritzia azaltzeko aukera izan nahi dudalako», esan zuen atzo, kargua utzi berritan, Alan Duncan Erresuma Batuaren Europarako eta Amerikarako ministroak. Gaur jakingo da zein izango den Erresuma Batuko lehen ministro berria: Boris Johnson Atzerri ministro ohia edo Jeremy Hunt egungo Atzerri ministroa. Alderdi Kontserbadorearen kideek atzo arte bozka zezaketen, baina gaur emango dute emaitzaren berri. Inkesten arabera, Johnson da faboritoa.

Theresa May lehen ministro ohiak ekainaren 7an aurkeztu zuen dimisioa, eta, orduz geroztik, Komunen Ganberako 313 diputatu tory-ek bost bozketa egin dituzte bi finalistak hautatzeko.Johnson euroeszeptikoen hautagairik gustukoena da, eta Hunt jarrera moderatuagoa dutenena.

Inkestek aurreikusten dutenez Johnsonek irabaziko duela, Duncanek dimititu egin zuen atzo. Izan ere, Johnsonek aurrera eraman nahi duen akordiorik gabeko brexit-aren aurka dago. Haren arabera, Johnson «Europako Batasunarekin negoziazioetan aurrerapenak egin ditzakeen Lurreko azken pertsona da». Duncanen arabera, oso garrantzitsua da lehen ministroak bere iritziarekin bat datorren Ekonomia ministro bat edukitzea.

Johnson lehen ministro bilakatuko balitz, dimititu egingo lukete Philip Hammond Ogasun ministroak eta David Gauke Justizia ministroak. Hammonden ustez, Johnsonek irabazten badu, gobernuan egoteko ezinbesteko baldintza izango da urriaren 31ko itunik gabeko brexit-aren alde egotea. Izan ere, Johnsonek argi utzi zuen Erresuma Batua «akordio baten bidez edo akordiorik gabe» aterako zela EB Europako Batasunetik. Hammondek ez luke hori «inoiz onartuko», eta honako hau esan zuen: «Ez naute gobernutik botako, hori gertatu baino lehen nik dimitituko baitut».

Batzordea, erabakiaren zain

Europako Batzordeko bozeramaile batek esan zuenez, Erresuma Batuko edozein lehen ministro berrirekin lan egiteko prest daude, eta itunik gabeko brexit-agatik kaltetuen aterako liratekeen estatuekin konprometitzearen alde daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.