Netanyahuk izango du Israelen gobernua osatzen ahalegintzeko ardura

Rivlin presidenteak Likudeko liderrari eman dio ekimena, «aukera gehiago» baitu. Jarduneko lehen ministroak onartu du zaila izango dela

Netanyahu eta Rivlin, atzo, agerraldi bateratua egiten. ABIR SULTAN / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Benny Gantz jeneral ohiaren Urdina eta Zuria koalizioa izan zen gehien bozkatutako indarra Israelgo Parlamenturako bozetan, joan den irailaren 17an. Baina Reuven Rivlin herrialdeko presidenteak Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroari eman dio Israelen gobernua osatzen ahalegintzeko ardura. «Netanyahuk gobernua osatzeko aukera gehiago ditu», argudiatu zuen Rivlinek atzo, erabakiaren berri emateko lehen ministro ia betierekoarekin batera egindako agerraldian. Baina Likud alderdikoak badaki zaila izango dela egoera desblokeatzea. «Ezin izango dugu gobernua osatu, batera egiten ez badugu», adierazi zuen, Gantzekin azken egunetan izandako negoziazioa minutu eskas batzuk lehenago hautsi izanagatik. Rivlinek gobernua osatzeko sei asteko epea eman dio Netanyahuri.

Urdina eta Zuria liberalak 33 jarleku lortu ditu, eta Likudek, 32. Parlamentuan gehiengo osoa edukitzeko 61 bat behar dira, baina ez bat ez bestea ez dira gai izan beste indarren babesa lortu eta zenbaki horretara heltzeko. Rivlinek atzo jakinarazi zuenez, ganberarako aukeratutako 54 diputatuk Gantzen alde egiteko eskatu diote, eta 55ek egin dute Netanyahuren aldeko hautua; horregatik aukeratu duela Likudekoa.

Igandean eta astelehenean alderdiekin batzartu ondoren, Rivlinek Netanyahuri eta Gantzi eskatu zien osatu zezatela gobernu egonkor eta zabal bat. Bakoitzak bere baldintzak jarri ditu. Likudekoak nahi du koalizioan lekua egitea bere aliatuei ere, judu ultraortodoxoei eta eskuin muturrekoei. «Urdina eta Zuria batasunaren ideiarekin konprometituta dago, baina gehien bozkaturiko bi aldeek bakarrik negoziatu beharko lukete», argudiatu zuen Gantzek, atzo. Harentzat, gainera, beste oztopo bat dago: Netanyahu ustelkeriagatik auzipetua izateko zorian dago. Israelgo zenbait hedabideren arabera, Israelgo fiskal nagusiak asmo hori du. Netanyahuk urriaren 2an emango ditu azalpenak fiskalaren aurrean.

Balieke Avigdor Lieberman ultranazionalista laikoaren babesa lortzen saiatzea Netanyahu, baina ministro ohiak ez du gobernuan ultraortodoxoekin egon nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.