Siriako armada Alepo probintziaren kontrola berreskuratzeko atarian da

Idlibetik ihes egin duten 900.000 pertsonak «egoera beldurgarrian» daude, NBEren arabera

Idlib probintziatik ihes egindako familia bat, otsail hasieran, Turkiaren eta Siriaren arteko mugatik gertu. YAHIA NEMAH / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Siriako armada ari da matxinoek gerran hartutako lurraldeak berreskuratzen, eta ipar-mendebaldeko Alepo eta Idlib probintzietan azkar batean egin ditu operazio militarrak. Borroka gehiago iragarri zituen atzo Baxar al-Assad Siriako presidenteak, gerra «ez delako amaitu Alepo askatuta».

Militarrek jakinarazi zutenez, bi korridore ireki dituzte leku horietan, «herritarrek leku horiek modu baketsuan uzteko». Baina Giza Eskubideen Siriako Behatokiak ukatu egin du hori. Kontua da Siriako lurralde horietatik 900.000 lagunek alde egin dutela abenduaren 1etik, gerrari ihes egiteko. NBE Nazio Batuen Erakundeak esan du «egoera beldurgarrian» daudela, eta hotzagatik hiltzen ari direla haurrak.

Gai hori ere mahai gainean izango zuten atzo Errusiako eta Turkiako negoziatzaileek, Moskun bildu baitziren gatazkak azkenaldian bi herrialde horien artean eragin duen borroka egoeraz aritzeko. Izan ere, Turkia eragile handia da Siriako gerran, Al-Assaden gobernuaren aurka 2012an altxatu ziren matxinoak —islamistak— babesten ari delako. Errusia, aldiz, Siriako Gobernuaren helduleku nagusia da. Idlibeko gatazkaren inguruan akordioa lortu nahian ari dira bi aldeak, aurreko astean kale egin ondoren.

Elkarren aurka muturtu dira probintzia horretan Siriako armada, batetik, eta Turkiakoa, bestetik. Hildakoek ere eragin dizkiote elkarri, eta lehenaz gain, gehiago gaiztotu da giroa. Baretze aldera aritu ziren atzoko bileran, eta elkarrizketa horietatik sortzen denak edo sortzen ez denak egundoko eragina izan dezake gerraren epe motzeko etorkizunean. Ez horrek bakarrik, beste aldagai asko badelako.

Gatazka luze horren muina Idliben eta Alepo mendebaldean dago orain, batez ere izen bereko hirietan; errebeldeek mendean dituzten gune bakarrak dira egun, eta 2018an Errusiak eta Turkiak adostutakoa hari mehe baten mende bakarrik dago. Orduan, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiakoak ados jarri ziren militarrik gabeko gunea sortzeko Idlib, Alepo, Hama eta Latakia probintziak hartzen dituen lur zati batean; hamabost eta hogei kilometro arteko pusketa horretan, Turkiak eta Errusiak soldaduak jarri zituzten behatzaile lanetan.

Orain, azken egunetako aurreraldiarekin, Siriako armadak bereganatu egin du gune horren erdia, eta horrek Ankararen haserrea eragin du: indartu egin du militarren presentzia. Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera, otsailaren 2tik 7.000 soldadu eraman ditu Turkiak leku horretara.

Oinarrian, bestelako nahiak

Hanka asko dauzka Siriako gerraren mahaiak, eta hanka bakoitzak ditu interesak. Siriako Gobernua errebeldeek kendutakoa berreskuratu nahian ari da, eta nazioarteko hainbat herrialdek babesten dituzten matxinoek Al-Assad kendu nahi dute agintetik, interes ekonomikoak tarteko. Turkia erdian jarrita dabil, matxinoen lagun ez ezik Errusiarena ere badelako beste hainbat gaitan.

Siriako gerra baliteke negoziazio mahai batean amaitzea, eta Turkiak herrialdean zeresana edukitzen jarraitu nahi du. Matxinoak behar ditu horretarako, eta ezin du utzi horiek gerra gal dezaten. Errefuxiatuen gaiak ere bete-betean harrapatuta dauka. Izan ere, Erdoganek ez du nahi azkenaldiko jende uholdea Turkian sartzea. Eta nola ez, Amerikako Estatu Batuek ere izango dute zer esana, nazioarteko aliantzak ere jokoan direlako.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.