Koronabirusa munduan

Eguneko 80.000 kasu berri atzeman dituzte batez beste apirilean

OME kezkatuta agertu da osasun sistema ahula duten herrialdeekin. NBEk 6.700 milioi dolar eskatu ditu herrialde pobreenei laguntzeko

Langileak ospitale bat garbitzen, Cambridgen, Erresuma Batuan. NEIL HALL / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Koronabirusak munduko herrialde eta txoko guztiak jo ditu. Dagoeneko 3,7 milioi positibo baino gehiago atzeman dituzte, eta 260.000tik gora dira gaitzaren ondorioz hildakoak. Estatu batzuek birusaren hedatzea moteltzea lortu badute ere, gogor jotzen jarraitzen du. Horren adibide dira OME Osasunaren Mundu Erakundeak emandako azken datuak: apirilean, batez beste, eguneko 80.000 kasu berri erregistratu zituzten. «Baina horiek ez dira zenbaki hutsak: kasu bakoitzaren atzean ama, aita, semea, alaba, anaia edota laguna dago», esan zuen Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko buruak.

Europa mendebaldean gutxitzen ari da positibo berrien kopurua. Aldiz, gero eta gaixo gehiagoren berri ematen ari dira Europa ekialdean, Afrikan, Asia hego-ekialdean, Mediterraneo ekialdean eta Ameriketan.

Kasu batzuetan, igoera horrek zerikusia du gaitza detektatzeko testak areagotu izanarekin, eta ez du esan nahi egoera okertzen ari denik. Adhanomek gaineratu zuen eskualde eta herrialde batzuen barruan ere joera desberdinak daudela.

Bestalde, birusaren transmisio erritmoa leuntzea lortuta, hainbat herrialde hasi dira neurriak arintzen. Horren aurrean, tentuz jokatzeko beharra azpimarratu zuen OMEko buruak, eta, bide batez, itzulera prozesurako erakundeak emandako irizpideak zeintzuk diren gororarazi zuen.

Mike Ryan OMEko Osasun Larrialdietarako zuzendari nagusiak, berriz, krisi humanitarioa bizi duten herrialdeetan jarri zuen arreta: «Horien egoera kezkagarria da: Afganistangoa, Sudangoa, Siriakoa, Yemengoa eta Haitikoa, kasurako. Saiatu behar dugu erantzun honetan pertsona kalteberenek lehentasunezko laguntza jaso dezaten».

Tedrosen arabera, izurriak agerian utzi du osasun sistema nazional sendoak izatearen garrantzia munduko osasun segurtasunaren euskarri gisa. Ordea, azaldu zuenez, 2030. urtera bitartean 5.000 milioi pertsona baino gehiagok ez dute funtsezko osasun zerbitzuak eskura izango. Gabezia horietan zerrendatu zituen, esaterako, mediku bat ikusteko aukera, oinarrizko sendagaiak eskura edukitzea eta ospitaleetan ura izatea. «Horrelako arrakalek pertsonen, familien eta komunitateen osasuna ahuldu ez ezik, munduko segurtasuna eta garapen ekonomikoa ere arriskuan jartzen dituzte», deitoratu zuen.

Horrez gain, nabarmendu zuen COVID-19ak osasunean inbertitzearen garrantzia erakutsi duela, eta hori indartu behar dela «ondoren bizitzak salbatzeko».

Pobreenei laguntza

Pandemiak inpaktu latzagoa du herrialde eta eremu pobreenetan. Han, osasun baliabide urriak eta azpiegitura kaskarrak izateaz gain, herritarren egoera ekonomikoak kezka eragin du.

Modu horretan, NBE Nazio Batuen Erakundeak 2.000 milioi dolar eskatu zituen martxoan herrialde txiroenetan koronabirusari aurre egiten laguntzeko —galdegindako erdia baino zertxobait gutxiago bildu du—. Orain, baina, kopuru hori hirukoizteko beharra sumatu du, eta denera 6.700 milioi dolar eskatu ditu (6.200 euro inguru).

Kutsatuen gailurra urrun izan arren, erakundeak ohartarazi du dagoeneko ikus daitezkeela pandemiak eragindako albo kalteak. Hala nola diru sarrerak gutxitzea, enpleguak suntsitzea, hornidurak murriztea, prezioak igotzea eta txertaketa programak etetea.

Hain zuzen, NBEren planak mundu osoko 60 herrialdetara iristeko asmoa du. Horien artean daude, besteak beste, Venezuela, Siria, Afganistan eta Afrikako hainbat estatu. Mark LowcockLarrialdiko Laguntzarako koordinatzailearen esanetan, estatu horiek jasango dituzte izurriak eragindako ondorio suntsitzaile eta ezengonkortzaileenak: «Gainera, dagoeneko gabezia larriak dituzte osasun eta ekonomia alorretan». Horrez gain, berehala jarduteko premia azpimarratu zuen, bestela, gatazkak, gosea eta pobrezia «areagotu egingo direlako».

Bestalde, Filippo Grandi UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak adierazi zuen beharrak «handiak» direla, baina ez «barne hartu ezinezkoak». «Koronabirusaren mehatxuari eusteko ekintza kolektibo batek soilik bizitzak salba ditzake. Funtsezkoa da erantzuna garaiz eman, eta eskuzabal eta malgua izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.