Koronabirusa munduan

Mugak «modu gradualean» irekitzearen alde egin du Bruselak

Egoera epidemiologiko antzekoak dituzten herrialdeen arteko bidaiak baimentzea aholkatu du

Europako Batzordeko kideak, planaren berri ematen. OLIVIER HOSLET / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Turismoa bultzatu eta indartzeko asmoarekin, Europako Batzordeak estatu kideen arteko mugak irekiz joateko plan bat osatu du. Irekiera modu mailakatuan eta koordinatuan egitea proposatzen du, hiru fasetan banatuta, eta hainbat irizpide eta baldintza ezarri ditu urratsak egin ahal izateko. Horrela, protokoloa, konfinamenduko neurriak laxatzeari ekitean abiatuko litzateke, eta mugako kontrol guztiak amaitu arteko bidea jasotzen du. Tarteko fasean, berriz, egoera epidemiologiko antzekoak dituzten eskualde edota herrialdeen arteko joan-etorriak baimenduko lirateke. «Estatu kideek apurka kenduko dituzte ezarritako murrizketak, eta ez guztiek batera», adierazi zuen atzo Thierry Breton Barne Merkatuko komisarioak.

Hain zuzen, turismoa izan da COVID-19aren krisiak gehien erasan duen sektoreetako bat, mugikortasunean ezarritako murrizketek hura ia erabat geldiarazi dutelako. Batzordearen arabera, industria horrekin lotutako jarduerek EBko BGPGaren ia %10 hartzen dute, eta 27 milioi lanpostu sortzen. Gainera, uda sasoia «erabakigarria» izan ohi da —turismo arloko enpresen fakturazioa %50 eroriko dela aurreikusten dute—. Horregatik, Bruselak beharrezkotzat jo du gidalerroak zehaztea bidaiei modu seguru batean berrekiteko. Horrez gainera, helburua du estatuen arteko irteera estrategia koordinatzea, baita osasun eta garraio protokolo komunak ezartzea ere. «Gure estatu kideek neurri murriztaileak apurka-apurka kentzen dituzten heinean, oinarriak ezartzen ari gara ekosistema turistikoa eta Europako Merkatu bakarra modu seguru eta proportzionatuan sustatzeko», onartu zuen Margaritis Schinas batzordeko presidenteordeak.

Osasuna eta mugen kudeaketa estatuen esku dauden eskumenak diren arren, Bruselak estrategia bateratu baten beharra azpimarratu du, «turisten konfiantza berreskuratzeko».

Horiek horrela, bidaiarien osasuna eta segurtasuna «oinarri» hartuta, barne mugak irekiz joateko neurriak aholkatu ditu. Batzordeak «ikuspegi mailakatu eta koordinatu bat» proposatzen du egoera epidemiologiko antzekoak dituzten eremu edo estatu kideen arteko murrizketak kentzen hasteko. Hala ere, malgutasunarekin jokatzeko galdegin dute, egoera epidemiologikoak «hala eskatuz gero» neurri jakin batzuk berriz ezartzeko aukera aintzat hartuta.

Faseetan aurrera egiteko, ondorengo hiru irizpideak ezarri ditu Europako Batzordeak: azterketa epidemiologikoak, euste neurriak aplikatzeko gaitasuna, eta kontsiderazio sozioekonomikoak —funtsezko jarduera eremuetako mugimenduak lehenestea, esaterako—.

Berrogeialdirik ez

Europako Batzordea estatu kide batetik beste batera bidaiatzen duten herritarrei berrogeialdiak ezartzearen aurka agertu da, joanaldiak antzeko egoera eta gaitasun sanitarioa duten eremuen artean izango liratekeela argudiatuta.

Tratu diskriminatzailerik ez izatearen printzipioa ere azpimarratu dute. «Estatu kide batek bere lurraldera edo eskualde nahiz eremu espezifikoetara bidaiatzeko baimena ematea erabakitzen duenean, modu ez-diskriminatzailean egin behar du; hau da, antzeko baldintza epidemiologikoak dituzten EBko eremu, eskualde edo herrialde guztietatik bidaiatzeko aukera eman behar die, inor baztertu gabe».

Bide orriak garraio zerbitzuetan aplikatu beharreko babes neurriak ere jasotzen ditu. Modu horretan, bidaiarien eta garraio langileen arteko kontaktua mugatzea aholkatzen dute, baita pasaiarien beraien artekoa ere. Horretarako, «ahal denean», bidaiarien dentsitatea murriztuz.

Era berean, estatu bakoitzak babeserako eta prebentziorako neurri jakin batzuk hartuko dituztela aitortu zuen Margrethe Vestager komisarioak, eta horiek errespetatu egin beharko direla: adibidez, bidaiariek noiz eta non erabili beharko duten maskara.

Ildo beretik, mugaz gaindiko interoperabilitatea izango duten arakatzeko aplikazioen erabilera defendatzen dute, Europan bidaiatzen dutenean ere «infekzio posibleaz ohartarazi ahal izateko». Ordea, aplikazio horien bidezko miaketak «borondatezkoak eta gardenak» izan behar dutela zehaztu zuten, eta datu anonimoak erabiliko dituztela.

Halaber, gogoratu zuten EBko arauen arabera, bezeroek eskubidea dutela bertan behera geratu diren bidaien kasuan kupoia edo dirua itzultzea nahi duten hautatzeko, eta ezinbestekoa dela hori errespetatzea. Ordea, hori berrestearekin batera, Batzordeak gomendio sorta bat eskaini zuen kupoiak «alternatiba erakargarriago» bihurtzeko. «Izan ere, pandemiak finantza presio handia eragin die bidaia operadoreei».

Besteak beste, horiek babestuta egon beharko lirateke enpresaren kaudimengabeziaren aurrean. Horrez gain, bidaiariei malgutasun nahikoa eman beharko liekete; ibilbide berean zerbitzu eta baldintza berberetan bidaiatzeko aukera izan beharko lukete; edota beste bidaiari bati transferitzeko posibilitatea jaso beharko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.