Laino beltzak autogintzan

Nissanek iraupen plana egin du, eta Bartzelonako lantegia itxiko du: 23.000 lanpostu daude jokoan

Nissanen Bartzelonako lantegiaren atarian atzo izandako protestak. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
COVID-19ak elektrifikazioaren garaira oraindik erabat moldatu gabe harrapatu du autogintzaren sektorea, eta konpainia handien berregituraketa asmoak bizkortu ditu. Etorriko diren gehiagoren adibidea da Nissanen kasua. Japoniako konpainiak bere plana egin du produkzio txikiagoa eta errentagarriagoa izateko, eta sektorean eta kontsumoan datozen aldaketei egokitzeko. Bosten bat murriztuko ditu bere ekoizpen ahalmena eta bere modelo sorta. Eta, horretarako, mundu osoan dituen langileen %15 inguru kaleratuko ditu.

Konpainiak, iazko emaitzak aurkeztearekin batera, bere estrategia berriarekin loturiko erabaki batzuk berretsi zituen atzo. Eta argazki nagusietako bat Bartzelonan utzi zuen. Hango lantegia itxiko du: 3.000 behargin kalera, eta horrek zeharka eragiten dien beste 20.000ren geroa zalantzan. Ostegun honetan irudikatutakoa, baina, iragarritako heriotza bat izan da. Hainbat modelo ekoiztu arren, Kataluniako lantegiak ez zuen horietako bakar bat ere egiten esklusiban, eta haren produkzio ahalmena %20koa zen gaur egun. Inoiz herrialdean autogintzaren izarra izandakoak jada ez zuen argirik ematen. 2008ko krisiari hala moduz eutsi zion, eta denbora kontua zen heriotza agiria. Alferrikakoak izan dira ordutik egindako ahalegin guztiak.

Nissanek, Renaultek eta Mitsubishik osatzen duten aliantzak asteon iragarri duen estrategia aldaketak helburu du automobilen garapena eta ekoizpena egokitzea, kostuak murrizteko eta auto elektrikoen aroari heltzeko. Eredu berriari jarraikiz, kontinente bakoitzean hiru ekoizle horietako bat izango da enpresa liderra —Europan, Renault—. Autoen gamak ere egokitu dituzte, ekoizle bakoitzaren modeloak gutxitu, eta gama horietako bakoitzaren garapena ekoizle baten esku utziko dute. Adibidez, Renaulten esku dagoen gamaren beste ekoizleen modeloak frantziarren lantegietan egingo dira, eta alderantziz. Horrek lantegien berregituraketa sakon bat ekarriko du.

Nissanen bigarren errekuperazio plana da urtebete baino gutxiagoan. Japoniako lehen auto ekoizlea izateri utzi dio. Orain gertatzen ari dena Carlos Ghosn konpainiako presidente ohiak—egun Japoniako justiziatik ihesean dabil— azken urteen garatu zuen politika espantsionistaren porrotaren isla ere bada.

Ghosnekin, bere urrezko aroa izan zuen Nissan-Renault aliantzak; eta gainbehera ere bai. Munduko lehen auto ekoizlea izatea lortu zuen, baina bien arteko harremana beti izan da tentsio handikoa, askotariko interesek eraginda, baita politikoek ere.

Estatuen esku hartzea

Izan ere, duela bi hamarkada, anaia txikiak —Renaultek— salbatu zuen anaia handia, hura hilzorian zela. Ordutik, baina, japoniarrek mesfidantzaz begiratzen diote frantziarren botereari: Eliseoa da Renaulten akziodun nagusia (%15), eta Renault, halaber, Nissanena (%43). Frantziarrek beto eskubidea dute Nissanen erabakiguneetan; alderantziz, ez.

Orain, herrialde guztiak gertutik zaintzen ari dira autogintzan gertatzen ari dena, sektore horrek haien ekonomian eta enpleguan duen pisuagatik. Antzeko zerbait gertatzen ari da hegazkinekin. Ez alferrik, Europak aukera zabaldu du zailtasunetan dauden enpresei estatu laguntzak emateko. Eta, egungo egoeran, herri ekonomikoki indartsuenek soilik dute dirutza handiak emateko gaitasuna. Testuinguru horretan ere uler daitezke zenbait mugimendu; Nissanenak, kasurako.

Bartzelonako planta itxiko duen arren, Japoniako konpainiak ez du zehaztu hango ekoizpena Renault bazkidearen Europako beste lantegiren batera eramango duen. Susmoa zen Nissanek Sunderlanden (Ingalaterra) duena itxi ote zezakeen, eta hara eraman Renaultek Frantzian itxi asmo dituen lantegietako produkzioa —gaur ezagutaraziko ditu bere asmoak—. Dena den, Nissanek jakinarazi du Ingalaterrako plantak irekita jarraituko duela, eta horrek, neurri batean, lasaitua ekarri du Frantzian.

Eliseotik mezu ugari zabaldu dituzte egunotan, mugimenduoz ohartarazteko. Eta auto ekoizleen mahai gainean ere proposamenak utzi ditu. 8.000 milioi euro baino gehiago agindu ditu sektorea bultzatzeko, eta Renault izango da hartzaile nagusietako bat: 5.000 milioiko laguntza ari da negoziatzen harekin.

Trukean, Parisek hainbat konpromiso eskatu dizkio: ibilgailu elektrikoa sustatzeko, jarduera teknologiko aurreratuenak herrialdean kokatzeko, eta konpainia laguntzaileak errespetatzeko. Hirugarren puntu horrek ere berebiziko garrantzia du, automobilen produkzioarekin batera osagaiena ere berregituratzeko edo mugitzeko arriskua baitago. Eta, Frantzian bezala, Euskal Herrian ere eragin dezake horrek —400dik gora enpresa eta 55.000 langile inguru ditu sektoreak—.

Nissanen kasuak agerian utzi du autogintza aldaketa garaian dagoela, eta laino beltzak noranahi zabal daitezkeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.