Tunisiako Parlamentuak gobernu berria onartu du, hirugarrena urtebetean

Aise babestu dute Hixem Mexixi lehen ministroaren gobernua. Herrialdea krisi politiko eta sozialetik ateratzeko asmoa erakutsi du

Hixam Mexixi lehen ministroa Tunisiako Parlamentuan. MOHAMED MESSARA / EFE.
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Tunisiako Parlamentuak babesa eman zion atzo Hixem Mexixi lehen ministro teknokratak aurkeztutako gobernuari, aurrekoak dimisioa eman ostean, ustelkeriagatik. Azken hamar hilabeteetan parlamentuak onartzen duen hirugarren gobernua da. Lehen ministroak gobernua osatzeko gutxiengo babesa lortu izan ez balu, Kais Saied presidenteak hamaikagarren aldiz parlamentua desegin eta bozetara deituko zukeen. Mexixik, ordea, aldeko 134 boto eta kontrako 67 jaso zituen parlamentuan.

Uztail amaieran, Saidek Mexixi izendatu zuen gobernuburu. Mexixi, kargugabetutako gobernuan Barne ministro zena, bederatzigarrena izango da lehen ministro kargua hartzen, 2011n Udaberri Arabiarrak izenez ezagun egin ziren matxinadak bultzatu zituen altxamendutik.

Mexixik joan den astean aurkeztu zuen gobernua eratzeko proposamena, eta Ennahda mugimendu islamiarrak parlamentuko lehen indarra da, 54 diputaturekin Mexixiren proposamenei uko egin bazien ere, azkenean, babesa eman dio, baita Qalb Tunesek ordezkatutako sozialdemokraziak ere. Alderdi politiko batzuk, bi horiek, besteak beste, prestutasuna erakutsi duteharen gobernuan sartzeko. Hala, koalizioan gobernatuko du Mexixik. Hain zuzen, joan den udazkenean egin zituzten hauteskundeetan boto gehien jaso zituzten bi alderdiekin osatuko du koalizioa: Ennahdako islamista moderatuekin eta Nabil Karui buru duen Qalb Tounis ideologia argirik gabeko alderdiarekin -27 diputatu eskuratu zituen.

Bestalde, oposiziora pasatu dira Korronte Demokratikoko alderdiak, zentrokoak, eta Herriaren Mugimendua, joera panarabistakoak. Premier Fakhfakhen ustezko ustelkeria kasua ez ezik, aurreko gobernuaren isla izan zen bi talde horien eta Ennahdaren arteko urruntasuna ere. Gobernua eratu eta handik bost hilabetera erori zen.

Lehen ministro gisa egin zuen lehen agerraldian, Mexixik esan zuen lehentasuna finantza publikoen «odoljarioa» pasatzea dela. Ustelkeriaren ondorioz, zor publikoa du Tunisiak: hain zuzen, BPGaren %80 inguru, eta, adituen ustez, ez da jasangarria herrialdeak duen ekonomia aintzat hartuta. «Datu ekonomiko horien ondorioz, Estatuak ezin izango du behar bezala lan egin herrialdea garatzeko», ohartarazi zuen gobernuburu berriak.

Horiek horrela, gobernuak legealdian aurre egin beharko dien hainbat erronka iragarri zituen Mexixik: besteak beste, fosfatoen eta petrolioaren ekoizpena berrabiaraztea, gazte langabeen protestak blokeatzea eta administrazio publikoaren erreforma sakona eta «zerga-ihesaren» aurkako borroka gogorragoa egitea. Dena den, herrialdea krisi politiko eta sozial larritik ateratzeko asmoa erakutsi zuen, baita pandemiak eragindako krisi ekonomikotik ere.

Gobernuaren dimisioa

Hainbat urtez, Ustelkeriaren Aurka Borrokatzeko Erakunde Nazionala ikertzen aritu da Tunisiako Gobernuak ustelkeriarekin lotura zuzena izan duten kasuak. Azken agintaldian, esaterako, botere trafikoari lotutako eskandalu batek eragin zuen gobernuaren gainbehera. Gobernuburuak, Elias Fakhfakhek, 14 milioi euroko balioa zuten hondakinen kudeaketarako bi lehiaketa publiko irabazi zituen enpresa bateko akzioen %20 zituen apirilean, teknokrata profila zuen alderdi txiki bateko buru izan arren. Frogarik ez dagoen arren Fakhfakhek bere enpresari mesede egiteko esku hartu zuela esateko, hilabete iraun zuten eztabaiden ondoren eta Ennahda alderdiko islamista moderatuen babesa galdu eta gero, lehen ministroak amore eman zuen, eta dimisioa aurkeztu.

EBk konfiantza erakutsi dio

Europako Batasunak harrera ona egin dio Tunisiako Gobernu berriari. Josep Borrell EBko Atzerri Politikarako goi ordezkariak ohar baten bidez aditzera eman du espero duela Mexixiren gobernuarekin «lankidetza estua» izango dutela, Tunisian beharrezko erreformak sustatzeko. «Itxaropena dugu gaitasuna izango duela herrialdeak egun dituen erronka sozioekonomikoei aurre egiteko eta behar duen egonkortasuna bermatzeko, eta are gehiago pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioak aintzat hartuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.