Aragones aurkeztu egingo da, nahiz eta oraingoz ez duen nahikoa babes

JxCk uste du «ziur aski» ez dutela gobernu itunik lortuko biharko inbestidura saioa baino lehen

Laura Borras, ERCko kideekin bilduta, atzo goizean. QUIQUE GARCIA / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Talde parlamentarioekin egindako bilera sorta amaituta, Kataluniako Parlamentuko presidente Laura Borrasek ofizial egin du: ERCko zerrendaburu Pere Aragones saiatuko da biharko inbestidura saioan Generalitateko presidente kargua eskuratzen. Helburua, baina, badirudi gero eta urrunago duela. JxCk adierazi du bi alderdien arteko akordioa, «ziur aski», ez dela ostirala baino lehen iritsiko. Horrez gain, CUPekin lortutako aurreakordioa ere kolokan dago, ezkerreko alderdia osatzen duten zenbait ildok haren aurka bozkatzeko eskatu ostean. Horiek gaur emango dute bozketaren emaitza.

Aragonesek 10:00etan hartuko du hitza bihar, parlamentuaren gehiengoaren babesa lortzeko asmoz. Nekez izango ditu, baina, beharrezko 68 botoak. JxCko eledun Gemma Geisek asteartean alderdiko idazkari nagusi Jordi Sanchezek esanikoa berretsi zuen atzo; Aragones presidente izango duen gobernu «egonkor eta sendo bat» nahi dute, eta ez dute hori lortzeko presarik: «Datozen egun edo asteetan etor daiteke». Hala, azaldu zuen ez duela ostiralerako «itxaropen faltsurik» sortu nahi.

Esquerraren arabera, baina, bi alderdien arteko desadostasunak ez dira «gaindiezinak», eta akordioa lehenago ere lor daiteke. «Erlojuaren aurka lan egingo dugu», adierazi du ERCko parlamentari Marta Vilaltak. Hala, alderdi hark gobernua osatzeko proposamena aurkeztu zion atzo JxCri, hori baita ixteko duten puntuetako bat.

Carles Puigdemonten alderdiaren kezka nagusia, baina, beste bat da: presidente ohiak zuzendutako Errepublikaren Kontseiluak zer rol izango duen. Haiek hura mantendu nahi dute, eta ERCk eta CUPek «zuzendaritza estrategikorako mahai bat» eratu, kontseilua barruan izango lukeena. Halere, Esquerrak atzera egin dezake, JxC hura «birformulatzearen» alde azaltzen bada. Hala utzi du agerian Vilaltak, betiere «elkartze eta adostasun estrategikorako espazio hori batzeko baldintzak sortzen baditu».

Gauza bera gertatzen da ERCk Espainiako Gobernuarekin hasitako elkarrizketa mahaiarekin. CUPekin eginiko aurreakordioaren arabera, alderdiak 2023ra arte izango du negoziazioen fruituak jasotzeko, «beste erasoaldi demokratiko bat» hasi baino lehen. JxCrentzat, baina, denbora gehiegi da hori. Besteak beste, Kataluniako presidente ohi Quim Torrak ERCri eta CUPi kritikatu die etorkizunik ez duen formula bat defendatzea: «Ez dut sinesten elkarrizketa mahaian».

JxCrekin akordiorik ez lortzeaz gain, eginda zirudiena ere kolokan geratu dakioke ERCri. CUPeko zenbait ildok —11 dira denera— atzo alderdiak egin zuen galdeketaren inguruko iritziak eman zituzten. «Aurreakordio proposamenari babesa ematen diozu?» galderari Ez erantzuteko deia egin dute Endavantek eta Lluita Internacionalistak; baietzaren alde, berriz, Poble Lliurek eta Guanyemek. Endavantek alderdiko negoziazio taldearen lana txalotu du, ERC, besteak beste, energia sare publikoaz eta foam jaurtigaien debekuaz hitz egitera «behartzeagatik», baina gaitzetsi du ez dela ageri «ez zehaztasunik, ez konpromiso sendorik» hamasei orrialdeko akordioan. Alderdiko beste ildo nagusiak ere, Poble Lluirek, azaldu du sinatutakoa ez dela «nahikoa», baina aurrera egiteko beharra azpimarratuta.

Ezezkoa gailenduko balitz ere, Aragonesek beste aukera bat izango luke CUPeko parlamentarien babesa eskuratzeko. Izan ere, beste bi galdera egingo dituzte. «Baiezkoaren aldeko gehiengo bat ateraz gero, uste duzu akordioa nahikoa dela?», galdetuko du batek; «Ezezkoaren aldeko gehiengo bat ateraz gero, uste duzu CUPek berdin erraztu beharko lukeela ERCren inbestidura?», itaunduko du, berriz, besteak. Azken horren aldeko apustuak Aragones presidente bilakatzea erraztuko luke, baina bertan behera utziko lituzke gainerako puntu guztiak. Hori guztia gaur argituko du alderdiak.

Horiek hala, ostiraleko saiakerak huts egiten badu, Aragonesek beste aukera bat izango du, gutxienez, 48 ordu igaro ostean. Ziurrenik, datorren astearen hasieran egingo litzateke, eta gehiengo soila eskuratzea nahikoa luke. Halere, alderdi unionistek haren aurka bozkatuz gero, berdin beharko luke CUPen eta JxCren babesa.

Bitartean, PSCko Salvador Illa prest agertu da inbestidurara aurkezteko, «publikoki hala adierazi duen» beste alderdi baten babesa ere baduela argudiatuta. Izan ere, Ciutadansek esan du emango lukeela haren aldeko botoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.