Boricek eskatu du eztanda sozialean atxilotutakoen kartzelaldia bukatzeko

2019ko udazkenetik atxilotuta daudenei indultua edo amnistia emateko bidea ireki dute senatuko batzorde batean. Piñera kontra agertu da

Igor Susaeta.
2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Txileko Senatuaren Konstituzio Batzordeak ekinbide bat onartu zuen herenegun, proposatzen duena herrialdean 2019ko udazkenean gertatutako eztanda sozialean atxilotutakoak askatzea, indultua edo amnistia emanda. Estatu indarrek 9.000 lagun inguru atxilotu zituzten 2019ko urritik 2020ko martxora bitartean gobernuaren aurka egindako protestetan, eta, iturri ofizialek diotenez, 211 pertsona kartzelatuta daude oraindik. Horietatik 67 zigortu egin dituzte, eta 144 epaiketaren zain daude. Behe ganberako batzordeak hartutako erabakiaren harira, Gabriel Boric presidente hautatuak herenegun gauean adierazi zuen «zauriak ixteko irtenbiderik onena» hartu behar dela, izan indultua, izan amnistia. «Bukatu dadila hainbeste jendek nozitutako kartzelatze bidegabe eta luze hori».

Kongresuko bi ganberetan onartu behar da, eta, horrenbestez, eskuineko diputatu eta senatarien babesa beharko du. Oraindik ere Frente Amplioko diputatua denak alde bozkatzeko eskatu die. Oposizioko senatari batzuek aurkeztu zuten proposamena, 2020ko abenduan, eskatuz «arrazoi humanitarioengatik» aske utz zitzatela 2019ko urriaren 7a eta 2019ko abenduaren 9a bitartean atxilotutakoak. Mobilizazio haietan kalitatezko eta doako hezkuntza eta osasungintza, eta pentsio sistemaren egiturazko aldaketa bat eskatu zituzten, besteak beste; Sebastian Piñera presidentea zegoen jomugan. Martxoaren 11ra arte karguari eutsiko dio, eta herenegun nabarmendu zuen indultu batek ez liokeela «onik egingo» Txileri. «Uste dut seinale oso eskasa dela poliziei molotov koktelak jaurti dizkietenei, elizak eta metroa erre dituztenei, txiletar guztion ondarea zena suntsitu dutenei indultua ematea».

Boric da, hain zuzen, Piñerak utziko duen kargua hartzekoa, eta, atzo, Chile Vamos koalizio ofizialistaren lau alderdietako liderrekin bildu zen. Udazkenean egin zituzten Txileko presidentetzarako bozak, eta Sebastian Sichel ofizialista boto gehien bildutako hautagaietan laugarrena izan zen.

Maputxeen lurraldean

Araucania eskualdean, maputxeen lurraldean, salbuespen egoera zazpigarren aldiz luzatzea onartu zuen herenegun Txileko Senatuak. Urriaren 12tik dago indarrean, eta, oraingoz, otsailaren 9ra arte. Istiluak izan ziren, eta, Barne Ministerioak jakinarazi zuenez, bi pertsona hil zituzten, tiroz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.