Suediako kontserbadoreak agintean, ultraeskuinaren kanpo babesarekin

Kristerssonek gehiengo osorik ez duen koalizio bat osatu du demokristauekin eta liberalekin

Ulf Kristersson —ezkerretik bigarrena—, atzo, legealdirako akordioa aurkezten, eskuineko blokeko aliatuekin. J. E. / EFE.
ander perez zala
2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Bi agintaldiren ostean, eskuineko blokea boterera itzuliko da Suedian. Ulf Kristersson M Alderdi Moderatuaren buruzagiak atzo jakinarazi zuen koalizio gobernu bat osatu duela KD Kristau Demokratekin eta L Liberalekin, eta hirurek SD Suediako Demokraten kanpoko babesa izango dutela, hori ezinbestekoa baitute parlamentuan aulkien gehiengo osora iristeko. «Hiru alderdiko gobernua izango da Moderatuarena, Kristau Demokratena eta Liberalena. Gobernuak modu estuan egingo du lan Suediako Demokratekin», azaldu zuen Kristerssonek. Eskuin muturrak, hortaz, eragin handia izango du koalizioaren egunerokoan; lehen aldiz, gainera.

Lau alderdietako buruzagiek elkarrekin egin zuten gobernabide akordioaren berri emateko agerraldia. Kontserbadoreen buruzagiaren arabera, «seriotasun handiz» hartu zuten boto emaileek gobernua osatzeko eman dieten agindua: «Aldaketa beharrezkoa da, eta lau alderdiok aldaketa hori eskain dezakegu».

Itunaz xehetasun gutxi eman zituzten, baina indar politikoetako ordezkariek energia krisiaren aferan jarri zuten arreta, eta Ebba Busch KDren buruzagiak azaldu zuen erreaktore nuklear gehiago eraikitzeko asmoa dutela datozen urteetan. Argudiatu zuenez, Suediak «klima aldaketari aurre egin behar dio», betiere «familien finantzak suntsitu gabe»; hala, helburutzat jarri dute erregai fosilik gabeko energia izatea.

Azken urteotan, herrialdeko hamabi erreaktoreetatik sei itxi dituzte, baina badirudi Ukrainako gerrak eragindako ondorioek politikari askoren iritzia aldarazi dutela, Suedian ez baitute alternatibarik aurkitu oraindik. Jarrera horren erakusle da 2014tik hona agintean izan diren S Sozialdemokratak: erreaktore gehiago eraikitzearen aurkakoak ziren, baina aurten esan dute energia nuklearra «beharrezkoa» izango dela.

Koalizioa osatzeko negoziazioak espero baino gehiago luzatu dira, eta horren erakusle da Kristerssonek bi eguneko luzapena eskatu zuela iragan asteazkenean, akordio bat lortzekotan zegoela argudiatuta. Suediako hedabideen arabera, desadostasunik handienak liberalen eta eskuin muturrekoen artekoak izan dira, Lkoek SDren eragina ahalik eta gehien txikitu nahi baitzuten.

Orain arte, eskuineko blokeak gutxiengoan gobernatu izan du, uko egin baitzion eskuin muturraren babesa jasotzeari. Aurten jarrera aldatzea erabaki zuen, eta atea ireki zion SDren sostengua jasotzeari, nahiz eta liberalak ez dauden horrekin gustura.

«Paradigma aldaketa bat»

Hain justu, Jimmie Akesson SDren buruzagiak atzoko agerraldian aitortu zuen gobernuaren parte izan nahi zuela, baina, halere, adierazi zuen eragina izango duela «paradigma aldaketa bat» lortzeko helburuan.

Kanpainan iragarri bezala, Akessonek azaldu zuen immigrazioa txikitzea izango dela lehen helburuetako bat; besteak beste, suediar nazionalitatea lortzeko irizpideak gogortuta. «Suediako asilo arauek ez dute izan behar zuzenbide komunitarioak behartzen gaituen baino eskuzabalagoak».

Printzipioz, etzi egingo dute parlamentuan lehen ministroa aukeratzeko bozketa, eta babesa ziurtatua izango du Kristerssonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.