Theo, hurrengoa

Real Madrileko ezker hegalekoak Realean jokatuko du, utzita, hurrengo sasoian. Akordioa erabatekoa da, eta taldeek aurki egingo dute ofizial

Theo Hernandez, baloia bularrez kontrolatzen, Real Madrilen entrenamendu batean. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Realaren taldea apurka forma hartzen ari da, eta aurki jokalari bakarra faltako zaio multzoa osatzeko. Izan ere, eta azken orduko aldaketa handirik ezean, Theo Hernandez Real Madrileko ezker hegaleko frantziarrak Realean utzita jokatuko du heldu den denboraldian. Negoziazioak luzeak izan dira, baina atzo Madrilgo hedabide askok akordioa erabatekoa dela zabaldu zuten, Real Madrilen inguruko iturriak aipatuz. Taldeek, dena den, oraindik ez dute ofizial egin, besteak beste Theo AEBetan dagoelako, Real Madrilekin bira egiten.

Astebete baino gutxiago da Asier Garitanok publikoki esan zuela bi fitxaketa behar zituela, eta taldeko zuzendaritza teknikoak erreakzionatu egin du. Real Madrilekin duen negoziaketan soka pixka bat lasaitu, eta hasieran baino baldintza txarragoak onartu ditu. Madrilen atzo zabaldu zenez, Realak soldataren zati handi bat hartuko du bere gain—guztira 3,2 milioi eurokoa da—, eta ez du sasoi amaieran erosteko aukerarik izango. Jokalariak bere aldetik ere egin du ahalegina, ekonomikoki eskaintza hobeak jaso baitzituen Ingalaterratik. Berak, baina, Espainiako Ligan jarraitu nahi zuen, eta horrek asko egin du Reala aukeratzeko.

Theo aspaldiko ezaguna da Euskal Herrian, duela bi sasoi lan aparta egin baitzuen Alavesen, Atleticok utzita. Sasoi hartan, eta 20 bakarrik izan arren, 32 partida jokatu zituen ligan, eta erabat finkatu zen hasierako hamaikakoan. Uda hartan, Real Madrilek fitxatu zuen, 24 milioi euroren truke, baina aukera gutxi izan ditu han; Real Madrilen, hamahiru partida bakarrik jokatu zituen txapelketa guztietan. Realean berriz ere jokatzeko aukera izango du.

Theoren fitxaketak, beraz, are gehiago luzatzen du ezkerreko atzelarien zerrenda. Orain arte hiru zeuden: De la Bella, Kevin eta Hector, eta Theorekin, lau. Ziurtzat jo daiteke Hectorrek taldea utziko duela, utzita edo kontratua etenda, eta ikusteko dago beste bietako batek ere ez duen sasoia Realetik kanpo bukatzen.

Gauzak hala, eta beste jokalariren bat irten ezean —Hector Moreno izan liteke—, fitxaketa bakarra geldituko litzaioke egiteko Realalari: ezker hegaleko erdilaria. Liga hasteko bederatzi egun falta dira, eta ez litzateke harritzekoa azken fitxaketa hori lehiaketa hasita dagoela iristea. Uda osoan, makina bat izen irten dira postu hori betetzeko. Espainiako Ligan jokalariak fitxatzeko epea abuztuaren 31an bukatuko da.

Willian Jose, gustura

«Willian Jose oso gustura dago Realean, eta, jokalaria eta taldea erabat asetzen dituen eskaintzarik jaso ezean, jokalariak Donotian jokatuko du». Esaldia Nick Arcurirena da, Willian Joseren ordezkariarena, atzo Radio Euskadinesanikoa. Arcurik ukatu egi zuen Valentziak edo Chelseak eskaintza formalik egin duenik. Are gehiago: onartu zuen «eskaintza sendoak» egin dituzten bakarrak Fulham eta Newcastle izan zirela, baina Realak ez zituela onartu. Arcurik behin baino gehiagotan errepikatu zuen aurrelaria oso gustura dagoela Realean. Jakina da taldeak aurrelariarekin negoziatu nahi duela baldintzak hobetu eta etete klausula igotzeko, eta ordezkariak ez zuen itxi ate hori. Willian Josek 65 milioi euroko etete klausula du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.