Bigarren aldiz, amatasun baimenen atxikipenak itzultzen saiatuko da PSN

Aurreko astean, UPNren eta PPren antzeko proposamen bat atzera bota zuen parlamentuak. Bizkaian hasi dute itzulpenen tramitazioa

Maria Txibite, atzo, PSNren egoitzan. BERRIA.
joxerra senar
Iruñea
2018ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Laukoan ireki daitekeen zirrikitua baliatu nahi du PSNk, eta, bide batez, boto batzuk ehizatu. Aurreko astean, amatasun baimenen zerga atxikipenak itzultzeko UPNren eta PPren lege proposamena bozkatu zen Nafarroako Parlamentuan. Ezustean, Fanny Carrillo Ahal Dugu-Orain Baiko parlamentariak taldeko diziplina hautsi zuen, eta oposizioarekin bat egin zuen. Berdinketa teknikoa izan zen, baina, lege proposamenak gehiengorik ez zuenez, atzera bota zen. Haatik, Carrilloren jarrera ikusita, 2019ko aurrekontuan zuzenketak aurkeztu berri ditu PSNk, bigarrengoan aurrera aterako delakoan.

«Osteguneko bozketan izandako berdinketak itxaropena piztu du», onartu zuen atzo PSNko idazkari nagusiak, Maria Txibitek. 2014tik honako zerga atxikipenen itzulerak 35 milioi inguruko kostua luke Ogasunarentzat, eta, aurrekontuen eztabaidan aurrera ateraz gero, beste diru sail batzuen bidez finantzatu beharko litzateke. Txibiteren arabera, aldarrikapen horrekin bat egiten duten ama taldeekin «konpromiso» hori du Txibitek.

Nafarroako Gobernuak beste bide bat hartu du. Batetik, argi utzi du Gorenaren epaiak ez diola eragiten foru legeari, eta, ondorioz, Nafarroa ez dagoela derrigortuta atxikipenak itzultzera. Bestetik, urriaren amaieran legeaaldatu zuen: 2019tik aurrera, errentaren araberako zerga kenkari bidez amatasun baimenak saritzeko formula lehenetsi zuen.

Herenegun, Orain Bai taldeko Carlos Cousok garrantzia kendu zion Carrilloren botoari, «askatasun kontzientzia» ahalbidetzen dutela arrazoituta. Haren esanetan, «funtsezko gaietan» Carrillok ez du kontrako norabidean bozkatuko.

Nafarroan ez bezala, Hegoaldeko beste hiru lurraldeetan atxikipenak itzultzea erabaki dute. Bizkaian, 23.524 eskari tramitatzeari ekin dio ogasunak. Gizarte Segurantzak 2014tik 2017ra emandako amatasun baimenen atxikipenak hemeretzi milioikoak izan ziren, baina Jose Mari Iruarrizaga Ogasun diputatuaren arabera, ezin da kopurua «zehatz-mehatz» jakin. «Kasu askotan, handiagoa izango da», zehaztu zuen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.