Ipar Amerikako merkataritza itun berria sinatu dute, USMCA

AEBetako, Mexikoko eta Kanadako parlamentuen oniritzia behar da indarrean jarri aurretik. Trump eta Xi gaur gauean dira biltzekoak
Peña Nieto, Trump eta Trudeau, atzo, Buenos Airesen.
Peña Nieto, Trump eta Trudeau, atzo, Buenos Airesen. EFE TELEVISION

Iker Aranburu -

2018ko abenduak 1
NAFTA zena USMCA izenarekin berpiztu da. Donald Trumpen hitzetan, «desastrea» zen Ipar Amerikako hiru herrialdeetako merkataritza errazteko ituna, eta AEBen intereserako egokiagoa izan daitekeen beste itun bat irentsarazi die bere iparraldeko eta hegoaldeko auzoei. AEBetako auto industria babeste aldera, itunak finkatzen du tarifarik ez ordaintzeko autoen osagaien %75 Ipar Amerikan eginda egongo direla (%62,5 zen lehen), eta autoen %45 orduko hamasei dolarretik gora irabazten dituzten langileek egindakoa izan behar duela.

USMCA, berriz, «benetako lorpen bat da, akordio moderno bat», atzo Trumpek sinadura ekitaldian azaldu zuenez. «Gogor eta luze jo du. Kolpe batzuk jaso ditugu, baina iritsi gara, eta ona da gure herrialde guztientzat». AEBetako presidentearen laudoriozko hitzen arrasto gutxi egon zen beste bi presidenteen ahoetan, funtsean, haien lorpen nagusia baita ez direla sartuko merkataritza gerra batean AEBekin, irabazterik ez duten gerra batean. Horregatik, «Kanadako ekonomia osoarentzat egonkortasuna mantentzen duen akordioa» dela nabarmendu zuen Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak.

Atzoko sinadura zeremonia hutsa izan zen, ituna ez baita indarrean jarriko hiru herrialdeetako parlamentuek onartu arte. Tramite izango dela ziurtatu du Trumpek, baina ikusi beharko da zer egingo duen AEBetako Ordezkarien Ganberak, demokraten kontrolpera igaro baita.

Baina Ipar Amerikako gerra batez ere dialektikoaren amaiera ofiziala ez da asteburuko merkataritza gertakari garrantzitsuena. Argentinan sinatu zuten ituna, G20aren bileran, eta Argentinan dira biltzekoak bihar gauean Xi Jinping eta Trump, Txinaren eta AEBen arteko merkataritza gerra askoz errealagoarekin zer egin erabakitzeko. Urtarrilaren 1ean AEBek muga zergak %10etik %25era igotzea eragotziko lukeen su-eten bat posible ikusten zuten atzo adituek, baina ziurtasunik ez zuten, Trumpen izaera aldakorra ikusita. Gainera, edozein akordio epe laburrerako izan daiteke, biak lehian baitira potentzia ekonomikorik handiena izateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna