Pakistanek aire eremua itxi du, Indiako hegazkin militarrak bota ondoren

Imran Khan Pakistango lehen ministroak elkarrizketa eskatu dio New Delhiri, eta «kalkulu akatsak» egiteko arriskuaz ohartarazi dio

Indiako soldaduak eroritako hegazkin baten ondoan, atzo. FAROOQ KHAN / EFE.
Erredakzioa
2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Indiaren eta Pakistanen arteko tentsio aldiak muga arriskutsu bat gurutzatu zuen atzo. Bi herrialdeek adierazi zuten batak bestearen hegazkin militarrak bota zituztela Kaxmirko mugaren gainean. 1971ko gerraz geroztik lehenengo aldia da halakorik gertatu dela. India eta Pakistan potentzia nuklearrak dira, eta AEBek eta Erresuma Batuak «lasaitasuna» eskatu diete bi herrialdeei; Errusiak, berriz, «oso kezkatuta» dagoela adierazi du. Pakistanek aire eremua ixtea erabaki zuen, eta Imran Khan lehen ministroak elkarrizketarako deia egin zion atzo Narendra Modi Indiakoari. «Ditugun armekin, kalkulu akatsik egiteko arriskurik har al dezakegu?».

Asif Ghafoor Pakistango armadako bozeramaileak adierazi zuen Indiako bi hegazkin bota zituztela Pakistanen menpe dagoen Kaxmirko aldean; bata Indiako aldera erori zela erran zuen, eta bertze airekoaren pilotua, berriz, atxilotu egin zutela. Pakistango hedabideek ustezko pilotuaren irudiak argitaratu zituzten, eta bideo batean bere burua identifikatu zuen.

Rajeesh Kumar Indiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak jakinarazi zuen hegazkin bat galdu zutela, eta ez zutela pilotuaren berririk. Pakistango hegazkin bat bota zutela ere erran zuen, eta herrialde horri leporatu zion Indiako aire eremura igarotzea «helburu militarrei» erasotzeko. Pakistango armadak ukatu egin zuen hegazkinik galdu izana.

Indiak eta Pakistanek lau gerra egin dituzte elkarren aurka (1947, 1965, 1971 eta 1999); Indiak 1974tik ditu arma nuklearrak, eta Pakistanek, berriz, 1998tik. Tentsio eremu nagusia Kaxmir da, bi estatuen eta Txinaren artean banatuta dagoen nazioa. Hilaren 14an Indiako 44 polizia hil zituzten atentatu batean, eta Indiako Gobernuak Pakistani leporatu zion erantzukizuna. Horrek piztu zuen azken tentsio aldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.