Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa

Kontseilaritzatik irteteko eskainitako aukerei muzin egin zien idazkari judizialak

2017ko irailaren 20ko elkarretaratzea «iskanbilatsua» izan zela esan du Del Toro funtzionarioak. Mossoek izandako jarrera jarri du auzitan

2017ko irailaren 20an jendetza bildu zen Ekonomia Kontseilaritzan. A. GARCIA / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Ez zuen hitza bere horretan erabili deklarazioan, baina Montserrat del Toro funtzionarioak atzo Auzitegi Gorenean egindako deskribapena aintzat hartuta, behintzat, 2017ko irailaren 20an Kataluniako Ekonomia Kontseilaritzaren eraikinaren parean egindako mobilizazio masiboa setio egoera batekin parekatzen ahalegindu zen. «Beldurra» pasatu zuen Bartzelonako 13. Instrukzio Epaitegiko idazkari judizialak, «elkarretaratze» bat ekinaldi «iskanbilatsu bat» bilakatu baitzen. «Jendea zegoen kristalaren kontra zanpatuta». Lekuko gisamintzatu zen prozesu subiranistaren kontrako epaiketan, eta egun haren deskribapen zehatza egin zuen, orduz ordu. Jakinarazi zuen eraikinetik ateratzeko hiru aukera eskaini zizkiotela. Hirurei muzin egin zien, «onartezinak» zirela iritzita. Helikoptero bat ere eskatu zuen, «ezinezkoa»iruditzen baitzitzaion handik irtetea. «Kalean ezin zen ibili ere egin. Horregatik pentsatu nuen airez atera nintekeela, beharbada». Eraikinaren ondoko antzokitik atera zen, oinez.

13. instrukzio epaitegiak eraikinean agindutako miaketen ondorioz egindako elkarretaratzea «biolentoa» izan zen fiskaltzarentzat, eta, batez ere, horregatik egozten diete matxinada Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente zenari, eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteari.

Del Torok ez zuen zuzenean indarkeriaz hitz egin —streaming bidezko emankizunean ez zuten eman haren irudirik—, baina fiskaltzaren tesia babesten ahalegindu zen. Kontatu zuen, esaterako, «gazte bat» guardia zibil batengana hurbildu zela, aurpegian bandera bat jarri ziola, «oihu egin» ziola, baita «listua» bota ere. «Hori iruditu zitzaidan».

Mossos d'Esquadrak kritikatu zituen, bide batez, eta adierazi Kataluniako Polizia autonomikoari ez zitzaiola «beharrezko» iruditu eraikinaren atearen parean segurtasun eremu bat eratzea.

Guardia Zibilaren teniente bat Sanchezekin eta Cuixartekin mintzatu zen, eta adierazi zion funtzionarioari hiru aukera zeudela eraikinetik ateratzeko. Aurrenekoa, agenteen zaintzapean ateratzea, eta haiekin joatea jendetzaren amaieraraino. Bigarrena, boluntarioz osatutako korridore batetik ateratzea. Eta hirugarrena, agenteek osatutako korridore batetik irtetea. Hirurak baztertu zituen, iruditzen zitzaiolako ez ziotela «segurtasuna» bermatzen.

Hainbat lekukok orain arte adierazi dutenez, eta, Guardia Zibilak diligentzietan jaso zuenez, teilatutik «jauzi eginez» atera behar izan zuen idazkari judizialak. Hori guztia zehaztu zuen atzo. Horraino heldu aurretik, Juan Antonio Ramirez Sunyerri, miaketa agindu zuen epaileari, deitu zion. «22:30 izango ziren. Magistratuari deitu nion, eta gogoratzen dut esan niola: 'hemendik atera behar nauzu'». Del Tororen lekukotza aintzat hartuz, ordubete geroago bi mosso azaldu ziren, eta haiekin igo zen eraikinaren «bigarren solairura». Han, «metro bateko murru batetik jaitsiz», antzokiaren eraikinera iritsi zen mossoekin. La Vanguardia egunkariak funtzionarioak ustez egindako ibilbidea osatu du, eta baztertu egin du teilatura igo behar izan zuenik. 35 metroko bidea egin behar izan zuen.

Oldarraldirik ez zela egon

Instrukzio fasean ere deklaratu zuen Del Torok, 2017ko urrian, eta orduan ez zituen hainbeste zehaztapen eman. Defentsen abokatuek horri buruz galdetu zioten. Erantzun zuen «estresa, antsietatea eta beldurra» pairatu zituela, beste «hiruzpalau egunez» jarraitu zuela lanean, harik etaosasuna «hautsi» zitzaion arte.

Bestalde, Diego Perez de los Cobos guardia zibilak atzo bukatu zuen deklaratzen, eta U-1eko erreferendumean oldarraldirik ez zela egon nabarmendu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.