Mayk mahai gainean jarri du 'brexit'-az bigarren galdeketa egiteko aukera

Erresuma Batuko lehen ministroak erreferenduma egiteaz bozkatzeko aukera eskaini die diputatuei, lege proiektua onartzearen truke

ander perez zala
2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
«Azken saiakera» izango da, eta horretarako azken eskaintza egin zuen atzo Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak, «akordio berri bat» aurkeztuta. Alderdi Laboristarekin izandako negoziazioek huts egin dutela jakitun, batez ere diputatu tory-ei eta laboristei mintzatu zitzaien, horien babesa behar baitu brexit-aren lege proiektua onarrarazteko. Hori egitearen truke, hainbat kontzesio egin zituen: esanguratsuenak, bigarren erreferenduma egiteari buruzko bozketa bat, eta behin-behineko aduana batasun bat. Lege proiektua «datorren egunetan» emango du argitara gobernuak, baina, kontzesioak kontzesio, Mayk oso zail du arrakasta bi aste barruko bozketan.

Sinbolikoki, lehen ministroaren aldaketek indar handia dute, batez ere bigarren galdeketari buruzko eskaintzak, orain arte adierazi baitu gobernuak ez duela auzi horri buruzko bozketarik antolatuko. Praktikan, baina, ez du aldaketa handirik eragin, diputatuek atzoko eskaintzarik gabe ere bozka dezaketelako horren inguruan; bi aldiz egin dute, eta bietan ezezkoa gailendu da.

Honako hau litzateke bidea, atzo azaldu zuenez: bi aste barru bozkatuko duten lege proiektuan erreferendum hori egiteko bozketa txertatuko du. Diputatuek, lege proiektu horri baiezkoa emango baliote, galdeketari buruzko bozketa egingo lukete, nahiz izanez gero. Arazoa zera da: gaur-gaurkoz Komunen Ganberan ez dagoela gehiengorik bi bozketa horietarako. Gainera, Mayk ez balu karguan jarraituko, eta bi bozketa horietan baiezkoa gailenduko balitz, hurrengo lehen ministroa ez legoke behartuta galdeketara deitzera. Brexit-aren prozesuak erakutsi duenez, deabrua xehetasunetan dago.

Laboristei begirako kontzesioa izan da bigarren galdeketarena, baina horrek diputatu kontserbadore batzuen haserrea eragin du, eta lege proiektuari aurkako boto gehiago gehitu. Ipar Irlandako Alderdi Demokratiko Unionistak (DUP) atzo adierazi zuen Mayren proposamenek oraindik «oinarrizko akatsak» dituztela, eta Jeremy Corbyn laboristen buruzagia ere kritiko agertu zen: «Akordio txar zahar bera berriz erabiltzen ari da. Hizketetan izan duen jarreraren nahas-mahasa da». Bigarren galdeketaren aldeko People's Vote taldea ere proposamenaren kontra agertu zen.

Irlandako muga

Irlandako mugako auziari ere erreferentzia egin zion lehen ministroak, eskaintza bat plazaratuta: gobernua legez behartuko luke 2020ko abendurako Irlandako mugaren protokoloaren «adostasun alternatiboak» bilatzera, hori inoiz ez erabiltzeko. Erresuma Batua Europako Batasunetik (EB) atera ondorengo trantsizio epean horixe negoziatu beharko dute bi aldeek; halakorik lortu ezean, backstop delakoa indarrean sartuko litzateke: Erresuma Batuak EBren aduana batasunean jarraituko luke, eta Ipar Irlandak merkatu bakarraren arau batzuk jarraituko lituzke, muga gogorra eragozteko.

Bi aste barruko emaitza edozein dela ere, Mayk lehen ministro kargua utziko du. Zehazteke dagoena da, beraz, hori noiz egingo duen. Lege proiektua onartuko balute, kargua utziko luke Erresuma Batua EBtik ateratzerakoan eta, beraz, trantsizio epea hasi aurretik. Kasu horretan, lehen ministro berriak negoziatuko luke bi aldeen etorkizuneko harremana.

Baina, badirudien bezala testuak ezezkoa jasotzen badu, Mayk bi aste barru negoziatuko du kargua uzteko egutegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.