Osakidetzako LEParen auziko instrukzioan gaur hasiko dira deklarazioak

Hamar lagunek lekuko gisara deklaratuko dute, tartean Osakidetzako zuzendari nagusi ohi Mujika dela, eta hiru zerbitzuburuk, inputatu gisara

Jendea Osakidetzako LEPerako etsaminak egiten. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
arantxa iraola
2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Datozen egunak erabakigarriak izango dira Osakidetzaren azken LEP lan eskaintza publikoan salatutako irregulartasunak argitzeko auzibidearen instrukzioan, gaur hasiko baitira deklarazioak. Orotara, hamahiru lagun daude lekukotasuna ematera deituta; hamar, lekuko moduan, beste hiru, inputatuta. Lekukoen artean egongo dira, besteak beste, irregulartasunak salatu zituzten osagileak, eta Osakidetzako zuzendari nagusi ohi Maria Jesus Mujika. Inputatuta Osakidetzako hiru zerbitzuburu daude: sekretuen berri ematea egozten diete, eta, horrela, etsaminetan parte hartu zuten hainbat profesionalen alde egitea.

Mujikaz gain, Osakidetzako beste hiru goi kargudun ere badaude deklaratzera deituta. Baina horiek epaitegira joateko egunik ez dute oraindik, eta zer-nola deklaratu beharko duten ere ez dakite. Egunotan jasoko dituen hamahiru lekukotasunak aditu, etahaien ondorioetan oinarrituta erabakiko du epaileak inputatu gisara deklaratzen duten edo lekuko gisara. Sindikatuek abiatutakoa da auzibidea, eta Fiskaltzaren onespena du; otsailean argitaratu zuen bere txostena langileen ordezkariek egindako salaketen inguruan, eta onartu zuen hemeretzi azterketa ikertu zituela eta haietako 11tan delitu zantzuak zeudela. Gasteizko 2. instrukzio epaitegia ari da auzia aztertzen.

Ikusmin handia dago auzibidearen instrukzioaren inguruan; zurrunbilo handia eragin dute irregulartasunen inguruko salaketek, eta erantzukizunak hartu beharrean utzi dute administrazioa: besteak beste, Osasun sailburu ohi Jon Darponen dimisioa ekarri zuen, eta Maria Jesus Mujikarena. Auzibidean parte izateko ahalegina egin du Osakidetzak, baina ez dio utzi instrukzio epaileak; bi aldiz bota du atzera osasun zerbitzuko arduradunek egindako eskabidea. ELA, LAB eta ESK, hiru sindikatuak dira salaketaren parte auzibide honetan.

Hiru sindikatu horietako ordezkariak Eusko Legebiltzarrean izan ziren atzo, Osakidetzako kontratazio politikak aztertzeko martxan den ponentzian mintzatzen: arazo handienetariko bat beharginen «behin-behinekotasuna» dela esan zuten, eta irregulartasun arriskua handitzen duela horrek. Salatu zuten, era berean, zerbitzuburuek botere «erabatekoa» dutela. «Zaharkituta» dagoen sistema hori gainditzeko neurri egokiak eskatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.