Konponbideak proposatzea haren ardura dela esan dio Junckerrek Johnsoni

Europako Batzordeko presidentea eta Erresuma Batuko lehen ministroa lehen aldiz bildu dira 'brexit-ari buruz jarduteko, Luxenburgon

Johnson eta Juncker, atzo, Luxenburgon. JULIEN WARNAND.
Paulo Ostolaza.
2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Espero bezain gutxi argitu du Europako Batzordeko presidente Jean Claude Junckerren eta Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnsonen arteko lehen topaketak. Bi aldeek akordioa lortzeko asmoa erakutsi dute, baina Irlandako mugaren auzian dute eztabaida nagusia orain; Junckerrek esan du konponbideak aztertzeko prest daudela, baina Johnsonek ez diola «muga gogor bat saihesteko konponbiderik eman».

Luxenburgoko jatetxe batean bi agintariak eta Michel Barnier—brexit-erako Europako Batasuneko negoziatzailea— bildu zituen otorduaren helburua, berriz, gaur egun dituzten eztabaida teknikoen berri izatea eta hurrengo eman beharreko pausoak zehaztea zen.

Irlandako gaiari dagokionez, Johnsonek ez du asmorik Theresa May Erresuma Batuko lehen ministro ohiak Bruselarekin adostutako akordioa onartzeko: ez du onartzen muga gogor batera itzultzea saihesteko diseinatu zuten backstop-a.

Lehen ministroarentzat neurri hori «mehatxu» bat da, eta Europako Batasunarentzat, berriz, Ostiral Santuko Akordioa eta merkatu bakarra babesteko ezinbesteko baldintza.

Azken aukera

Johnsonek argi du ez duela brexit-a berriz atzeratuko. Irteera gogor baten alternatiba bakarra urriaren 18a baino lehen akordio bat lortzea dela esan du lehen ministroak, baita atzoko bileran elkarrizketak areagotzea adostu zutela ere, ituna ahalik eta azkarrena egin dezaten. Johnsonen arabera, akordio bat izango daguztientzat «mesedegarriena».

Urriaren 17 eta 18an bilduko dira Europako Kontseiluan hura osatzen duten estatuburu eta gobernuburuak, eta, Junckerren arabera, bilkura «mugarria izango da prozesuan».

Atzo, Junckerrekin eta Xavier Bettel Luxenburgoko lehen ministroarekin bildu ostean prentsaurreko bat emateko asmoa zuen Johnsonek, baina adierazpenik egin gabe alde egin behar izan zuen brexit-aren aurkako manifestarien oihuak zirela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.