Berrehun traktorek A-1 errepidea hartu dute lehen sektorearen alde

Nekazariek eta abeltzainek manifestazioa egin zuten Gasteizen, atzo, UAGA sindikatuak deituta

Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean amaitu zuten protesta, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Berrehun traktore inguruk Gasteizko kale eta errepideak hartu zituzten atzo, lehen sektorearen aldeko mobilizazioan. UAGA sindikatuak deituta, Arabako ehunka nekazari eta abeltzainek A-1 errepidea okupatu zuten eguerdian hamar minutuz, protesta gisara. Etorkizunaren aldeko aldarri ozena egin zuten beste behin ere, eta mezu argi bat helarazi zieten erakundeei eta enpresei: «Soka hausten ari da». Prezioaren jaitsieraren, kostuen garestitzearen eta erreleborik ezaren ondorioz lehen sektorea arriskuan dagoela ohartarazi dute.

Goizeko lehen orduan hasi zuten mobilizazioa. Bi zutabe eratu zituzten hiriaren alde banatan: Jundizko industrialdetik abiatu zen aurrenekoa, eta Buesa Arenako aparkalekutik bigarrena. Ertzainen babespean egin zuten A-1 errepiderako bidea, klaxonak behin eta berriz jotzen zuten bitartean. Behin errepidera iritsita, trafikoan hainbat eragozpen eragin zuten eguerdian: ia bi orduz errepidearen bi norabideetako errei bana okupatu baitzuten traktoreek. Egoera are gehiago okertu zen bi erreiak hamar minutuz okupatu zituztenean. Ez zen inolako istilurik izan, ordea.

Errepide nagusia utzi, eta erdigunera abiatu zen protesta jarraian. Forondako Atea hiribidean dozenaka lagun batu zitzaien manifestaziora, oinez, «nekazaritzaren eta abeltzaintzaren etorkizunaren alde» zioen kartelari helduta. Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean amaitu zuten mobilizazioa.

Erremolatxa, kezka iturri

«Etorkizun beltza dugu», adierazi zuen Javier Torre UAGAko lehendakariak manifestazioaren amaieran. «Prezioak kostuen azpitik daude: esnearen eta zerealaren prezioa, esaterako, duela 35 urtekoaren bera da. Bizitza, aldiz, nabarmen garestitu da. Ezin diogu honi eutsi». Arabako nekazarien protestak testuinguru orokorrago batetik datoz, edonola ere. Espainian, olioaren krisiak piztu zituen lehen sektorearen protestak. Euskal Herrira ere iritsi ziren protesta haien oihartzunak. Iragan otsailean, Iruñean ere mobilizazio jendetsuak egin zituzten Nafarroako nekazariek.

Arabari dagokionez, erremolatxa da mobilizazioen arrazoietako bat. «Erremolatxa ekoizpen handietako bat izan da azken urteetan Araban, patatarekin batera. Baina gain behera doa orain», esan zuen Torrek. Nabarmen jaitsi da ekoizpena, eta egun, nekazariak zalantza dute landatzen jarraitu ala ez. «Ezin dugu urte gehiago iraun erremolatxa ekoizten kostuen prezioaren azpitik».

Iritzi berekoa da Javier Ortiz de Urruño ere: «Egoera gero eta zailagoa da». Zereala, patata eta erremolatxa ekoizten ditu Arangizeko nekazariak. «Erremolatxaren ekoizpena %30 inguru jaitsi da Araban azken urteetan. Azukrearen merkatuaren menpe dago, beraz, prezioak gorabehera handiak izaten ditu». Nekazariak azaldu zuen erremolatxa tonako bi euroko tartea dagoela landatzen jarraitu ala ez erabakitzeko orduan. «Egoera aldatu ezean, zaila dugu irautea».

Erremolatxarena ez da arrazoi bakarra, nolanahi ere. Nazioartetik datozen mehatxuez kezka adierazi zuten nekazariek eta abeltzainek ere. Brexit-aren ondoren, Europako Batasuna negoziatzen ari den Nekazaritza Politika Bateratua da beste arrazoietako bat, hain zuzen. «Badakigu aurrekontua jaitsi egingo dela, eta murrizketa gehiago ezarriko dituztela», adierazi zuen Torrek.

Erreleborik ez sektorean

Esnearen sektoreak izan ditu garai okerragoak, baina oraindik ere «bizitzeko justu» ematen duela salatu zuen Gaizka Landa abeltzainak. Horregatik erabaki zuen protestarekin bat egitea. Jatorrian kobratzen duten salneurri apal horiek irudikatu nahian, bi esne marmita bota zituzten Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, protesta amaitutakoan, hain justu.

Landak 25 urte baino ez ditu, eta kezkaz begiratzen dio sektorearen etorkizunari. «Lan handia egin behar da, eta lan horren ordainetan diru gutxi jasotzen dugu». Etxetik jaso zuen lanbidearen erreleboa, baina aitortu zuen egungo gazteentzat ez dela erakargarri lehen sektorea. «Nik txikitatik ezagutu dut bizimodu hau, eta ohituta nago. Baina ez da erraza, eta sektorearen egoera ikusita, etorkizun zaila dugu».

Nekazaritzan eta abeltzaintzan errelebo faltaz kezka adierazi zuen Ortiz de Urruñok ere. «Ez dago ilusiorik honetan jarraitzeko». UAGAko lehendakariak ere bat egin zuen salaketarekin, eta ohartarazi zuen sektorearen etorkizuna bermatzea «gizarte osoaren ardura» dela. «Nekazari eta abeltzainon inguruan jende asko ari da lanean, eta gu erortzen bagara, haiek ere eroriko dira». Protesta gehiago ere iragarri zituzten datozen egunetarako, egoerak aukera ematen badie behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.