Koronabirusa. Mundua

Palestinako kasuek gora jarraitzen dute, neurriak gogortu arren

PANek 11.000 positibo baino gehiago baieztatu ditu, eta haren diru sarrerak %80 txikitu dira

Emakume bat Zisjordaniako Bani Naim herrian maskarak saltzen, hil hasierako irudi batean. ABED AL HASHLAMOUN / EFE.
ander perez zala
2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Palestinako Aginte Nazionalak (PAN) iragan maiatzean arindu zituen koronabirusari aurre egiteko harturiko konfinamendu neurriak, baina, bere bizilagun Israeli gertatu bezala, hilabeteek aurrera egin ahala positibo kasuek gora egin dute, tartean joera hori aldatzeko neurriak agindu dituzten arren. Bilakaera argigarria da: datu ofizialen arabera, apirilaren 1ean 133 kasu zituzten Zisjordanian eta Gazan; ekainaren 1ean, 449; eta, atzorako, 11.284. Orotara, 80 lagun hil dira, gehienak ekainetik hona.

Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera, gorakada horren arrazoietako bat Palestinaren eta Israelen arteko koordinaziorik eza da. Izan ere, Tel Aviven Zisjordaniaren parte bat anexionatzeko planen harira, Mahmud Abbas PANeko presidenteak iragan otsailean jakinarazi zuen Israelekiko lankidetza harremanak hautsiko zituela.

Nikolai Mladenov NBEren Ekialde Hurbilerako ordezkariak joan den astean salatu zuen pandemiari aurre egiteko Palestinaren eta Israelen gaitasunean «eragin nabarmena» izaten ari dela bien arteko koordinazio falta. Ohartarazi zuen, besteak beste, Abbasen gobernuak ez onartzea Tel Avivek PANen izenean biltzen dituen zergak —hilero 170,3 milioi euro jasotzen zituen zergatan— traba bilakatu dela laguntza humanitarioa jasotzeko, batez ere Gazarentzat: «[Palestinaren eta Israelen arteko] Diplomazia berriz abiarazi behar dugu».

PANen, kezka berezia sortu du Israelen sartu eta handik ateratzen diren langile palestinarren egoerak, kutsatzeko arrisku handiagoa dutela uste baitute; konfinamendu neurriak arindu zituztenetik, Israelek mila eta 2.000 positibo artean ditu egunero. Errefuxiatuen guneetako egoera ere hizpide izan du asteotan Abbasen gobernuak; 1,5 milioi lagun bizi dira horietan, eta, Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren arabera, «gainezka» daude, ez baitago tokirik gutxieneko distantzia mantentzeko.

Osasun larrialdiari PANen krisi ekonomikoa gehitu behar zaio, haren diru sarrerak %80 txikitu baitira krisia hasi zenetik. Horrek eragin zuzena izan du pandemiari aurre egiteko gaitasunean, baita 177.000 funtzionarioei soldatak ordaintzeko asmoetan ere; iragan hilabetean, esaterako, ez zuten ezer jaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.