Conte: «Beharrezkoa al zen krisi politiko bat hastea orain? Ez»

Italiako lehen ministroak agintean segitzeko bozketa funtsezko bati egingo dio aurre gaur, Senatuan

Conte Italiako lehen ministroa, atzo, Diputatuen Ganberan, ordezkari politikoen konfiantza eskatzeko saioan. E. F. / EFE.
ander perez zala
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Italia bihotzean dutenak, europazaleak eta ausartak direnak. Horiek dira, Giuseppe Conte Italiako lehen ministroaren iritziz, bere agintaldia eta koalizio gobernua salbatzeko beharrezkoak dituen ordezkari politikoak. Ez dute zertan alderdi bakarrekoak izan; kontrara, Contek berak eta bere gobernuak espektro zabal bati dei egin diote egunotan, ahalik eta azkarrena amaitzeko koronabirusaren pandemia garaian Matteo Renzi gobernuburu ohiak sorturiko krisi politikoa. «Beharrezkoa al zen krisi politiko bat hastea orain? Ez», adierazi zuen atzo lehen ministroak Diputatuen Ganberan, parean zituenen konfiantza eskatu eta Renziren erabakia kritikatzeko. M5S 5 Izar Mugimenduak, PD Alderdi Demokratikoak eta babes parlamentarioa ematen dioten alderdiek duten gehiengo osoak tramite bilakatu zuen bozketa hori; erronka eta gobernuaren jarraipena, egiazko ordua gaurko konfiantza mozioa izango da, koalizioa babes faltan dagoelakoan.

Neurri batean bada ere, Conte etsita dago, eta erreguka aritu zaie Renziren Italia Bizirik alderdiak utzitako hutsunea bete dezaketenei. «Babes argi eta gardena» nahi eta behar du, «europazaleen, liberalen, herritarren, sozialisten» partetik, eta «ideia nazionalisten aurka» daudenengandik. Labur esanda, senatari horiek gobernua «aberastuko» lukete, lehen ministroaren arabera. Hitzez haratago, Conteren adierazpenek agerian utzi dute koalizio gobernuko alderdiek ez dutela lana garaiz egin, eta gaurko Senatuko eztabaida izango dela beharrezko ordezkariak konbentzitzeko azken aukera.

Halere, bozketa horretatik bizirik aterata ere, gehiengo berria hauskorregia eta desegonkorra balitz dimisioa ematera behartuta egongo litzateke lehen ministroa, eta, hortaz, gaurko arrakastak ez dio zertan lasaitasunik bermatuko agintariari. Horretaz jakitun dira koalizioan, eta M5Sk jada esana du gutxiengoan gobernatzeko prest egongo liratekeela; berdin gaur ezezkoa gailenduko balitz goi ganberan, nahiz eta horrek Conteren dimisioa eta beste gobernu bat eratzea ekarri.

Renziri dagokionez, iragan astean aurreratu zuen bere hemezortzi senatariek abstentziora joko dutela, eta exekutiboarekin lan egiteko prest dagoela; PDk, ordea, esana du Italia Bizirik ezingo dela koaliziora itzuli, eta lehen ministroak ideia hori baieztatu zuen atzo: «Gertaturikoa ezin da bertan behera utzi».

Gobernuburu ohiak iragan asteazkenean atera zituen bere ministroak gobernutik, Contek pandemia kudeatzeko izan duen modua argudiatuta. Europako Batasunaren berreskuratze funtsetik Italiari dagozkion 209 mila milioi euroak «ondo» bideratu ez izana egotzi dio, eta leporatu MEDE Europako Egonkortasun Mekanismoa eskatu ez izana, beste 36 mila milioi euro jasotzeko; azken hori M5Sren presioengatik izan da, Italiak horretara jo behar izan baitzuen 2008ko krisi ekonomikoari aurre egiteko —oroitzapen txarrak utzi zituen herritarren artean—.

Arrazoiak horiek izan arren, Renzik, aldi berean, aditzera eman zuen arazoa konpon zitekeela egungo gobernuburuak kargua utziko balu; hau da, egiazko arazoa izen-abizen batzuk direla, kudeaketa bera baino. Hori, noski, lehen ministro ohiak ez du inoiz aitortuko.

Babes batzuk ziurtatuta

Conteren deiari erantzun diote jada senatari batzuek. Atzerrian bizi diren herritarrak ordezkatzen dituen MAIE senatari taldeak bere izena aldatu du, eta orain MAIE-Italia23 deitzen da, egungo agintaldia amaitzen den urteari erreferentzia eginez —2023a—. Moldaketa horren helburua litzateke koalizio gobernua bizirik irautea nahi dutenen etxea bilakatzea.

Horrez gain, goi ganberak bizi osorako kargua duten sei senatari ditu, eta horietako batek jada baieztatu du lehen ministroaren alde egingo duela. Liliana Segre da, 90 urte ditu, eta aspaldian lehen aldiz itzuliko da Senatura botoa ematera. 320 ordezkarietatik, M5Sk 92 ditu, eta PDk 35; koalizio gobernuak, hortaz, bederatzi autonomistez eta talde mistoko 21 senatariez gain gutxienez beste lau boto beharko ditu aginteak jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.