Gipuzkoak kamioiei bidesariak kobratzeari utziko dio bihartik aurrera

N-1 eta A-15 doakoak izango dira sistema berria indarrean sartu arte, 2023aren hasierara arte. Azkenengo lau urteetan 20 milioi euro jaso ditu

Kamioientzako bidesarien arku bat Andoainen. JON URBE / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Gaur gauerditik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez die bidesaririk kobratuko N-1 eta A-15 errepideak zeharkatzen dituzten ibilgailu astunei, eta hala izango da 2023aren hasierara arte, araudi berria indarrean sartu eta azpiegitura berria jarri arte. Denbora horretan diputazioak ez du jasoko bidesari horien bidez biltzen zuena; duela lau urte, bidesariak jarri zituztenetik, hogei milioi euro inguru jaso ditu guztira.

EAEko Auzitegi Nagusiak maiatzean indargabetu zuen bidesariak kobratzeko modua ematen zuen foru araua, eta Espainiako Auzitegi Gorenak diputazioaren helegiteak atzera bota ondoren, epaia irmoa da astelehenetik, aldundiak epaia betetzeko agindua edo probidentzia jaso duenetik. EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen diskriminatzailea dela bidesarien sistema hori, soilik lurraldea alderik alde zeharkatzen duten kamioilariei eragiten dielako, Gipuzkoan bakarrik aritzen direnen mesedetan.

Aldundiak, dena den, ez dio uko egingo errepide horiek erabiltzeagatik kobratzeko nahiari. Beste arau bat egin du, hirugarrena. Araudi berria urte amaieran onartzea espero du, eta orduan lizitatuko ditu horrek dakartzan azpiegitura ugariak; kalkulatzen du kamioiak 2022aren amaieran edo 2023aren hasieran hasiko direla berriz ordaintzen.

Kasu horretan, N-1 eta A-15 autobideetako edozein zati erabiltzeagatik pagatu beharko dute. Azken lau urteetan 19 kilometrorengatik egin dute soilik, eta aurreikusten du araudi berriarekin orain halako hiru bilduko duela urtean: 31 milioi euro. Aldundiak errepide osoan kobratzeko erabakia hartu du auzitegiak aipatutako diskriminazioa saihesteko.

Garraiolariak kexu

Araudi berria ere ez da garraiolarien gustukoa, oraindik ere diskriminatuta jarraitzen dutela uste dutelako, gainerako erabiltzaileek ez dutelako ordaintzen. Horrez gain, eskatu dute baliogabetutako bidesariengatik ordaindutako dirua itzultzeko; Fedanismer elkartearen arabera, hamabost milioi euro.

Aldundiak berretsi du orain arte kobratutakoa legezkoa dela, EAEko Auzitegi Nagusiak ez duelako aurkakorik ebatzi, eta baztertu egin du dirua ofizioz itzultzea. Gogoratu du Bidegin «erreklamazio indibiduala» aurkez dezaketela kamioilariek. Horretarako inprimakiak prestatu dituzte elkarteek beren webguneetan, baina aldundiko bozeramaile Eider Mendozak atzo esan zuen «oso gutxi» jaso dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.