Iranek Iraki esan dio ez duela «sabotaje ekintzarik» nahi Irakeko Kurdistanen

Irango Guardia Iraultzaileak misilak jaurti zituen Irakeko Kurdistanen, herenegun, «konspirazio sionistaren» zentro baten aurka

Hamabi misilen jaurtiketak eragindako kalteak, Arbilen. GAILAN HAJI / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Irango Gobernuak Iraki ohartarazi dio ez duela «sabotaje ekintza gehiago» onartuko Irak iparraldean. Herenegun, Teheranek bere gain hartu zuen Irakeko Kurdistanen, Arbilen, egindako eraso bat, argudiatuz «konspirazio sionistaren» zentro baten aurka zela. Hamabi misil jaurti zituen Israelgo kanpoko inteligentzia zerbitzuaren ustezko zentro batera, eta Kurdistango inteligentzia zerbitzuak jakinarazi zuen erasoak kalte materialak baino ez zituela eragin. Irango Guardia Iraultzaileak erasoa argudiatu zuen esanez «erregimen sionistak berriki egindako krimenen ondoren» egin zela. Izan ere, joan den astelehenean, Israelek Irango armadako bi kide hil zituen Damasko (Siria) inguruan egindako eraso batean.

Said Jatibzade Irango Atzerri Ministerioko bozeramailea haserre agertu zen Irakekin: «Onartezina da gure bizilagun hurbilenetako bat Iranen aurkako mehatxu zentro bat izatea». Izan ere, adierazi zuen Irango milizia kurduak Irakeko zatian babesten direla, eta Israelekin harremanak edukitzea egotzi zion. Egoera hori iraultzeko asmoz, Jatibzadek Irakeko Gobernuari dei egin zion «bere lurraldean sionisten presentzia amai dezan».

Iraken erreakzioa

Irakek ekintza gaitzetsi zuen, bere subiranotasun nazionalaren aurkako eraso gisa. Bagdadek, erasoaren azalpenak eskatzeaz gain, erasoa gaitzesteko eskatu zion Irani. «Irmoki eutsi behar diegu herrialdea kaosean hondoratzeko ahaleginei», adierazi zuen Barham Saleh Irakeko presidente kurduak. Agintariak gobernuaren osaketa sabotatzeko saiakera bati egotzi zion gertakaria. Izan ere, joan den hauteskunde parlamentarioen ondoren, hainbat alderdi politikoren artean negoziatzen ari dira Iraken.

Azken urteetan, Irakek ahaleginak egin ditu harreman onak izateko AEBekin eta Iranekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.