Gobernua osatzeko ezintasunak krisi politikoa piztu du Iraken

Bederatzi hilabete daramatzate gobernurik gabe: inoizko eperik luzeena. Jarduneko lehen ministroak elkarrizketarako deia egin du

Muqtada al-Sadr buruzagi xiitaren jarraitzaileak, herenegun iluntzean, parlamentuaren egoitzaren inguruan. AHMED JALIL / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Iazko urrian egin zituzten Iraken parlamenturako hauteskundeak, baina ez dute oraindik gobernua osatzeko akordiorik erdietsi. 291 egun daramatzate horrela, eta gobernurik gabe egin duten eperik luzeena da hori. Presioa handituz doa, ordea. Izan ere, gobernurik gabe ez dago aurrekonturik, eta inbertsiorik gabe herritarren egoerak ere okerrera egiten du. Horiek hala, elkarrizketarako deia egin zuen atzo Mustafa al-Kazemi jarduneko lehen ministroak: «Nazio mailako negoziazioak behar ditugu blokeoa gainditzeko. Norabidea aldatu ezean, segurtasun krisi batean murgilduko gara».

Presioa handituz doa. Asteazken gauean, Muqtada al-Sadr buruzagi xiitaren jarraitzaileek hiru orduz okupatu zuten parlamentuaren egoitza, politikarien ustelkeria eta bigarren alderdi xiita nagusia denaren lehen ministrogaiaren izendatzea oztopatzeko. Protesta, baina, iaztik datorren norgehiagoka bateko azken indar erakustaldia besterik ez zen izan. Al-Sadrek berak agindu zien jarraitzaileei parlamentutik irteteko. Baina zer dago ekintza horren atzean?

XIITEN ARTEKO GATAZKA

Iazko bozetan, Al-Sadr buru duen alderdiak lortu zuen eserleku gehien parlamentuan: 74, hain zuzen. Buruzagi erlijiosoak iragarri zuen gainontzeko alderdi sunita eta kurduekin elkarlanean aritzeko asmoa zuela gobernua osatzeko. Baina eskaintza horretatik kanpo utzi zuen Al-Fatahren gertukoa den Xiiten Koordinazio Esparrua, indarrik handienetan bigarrena.

Al-Sadrek erraz egin zuen lehen urratsa, eta zenbait alderdi sunitaren eta Kurdistango Alderdi Demokratikoaren laguntzarekin lortu zuen bere gertuko hautagai bat ezartzea parlamentuko presidentetzan —2003tik indarrean den sistemaren arabera, sunita izan behar du parlamentuko presidenteak, xiita lehen ministroak, eta kurdua estatuburuak—.

Hurrengo pausoa estatuburua aukeratzea litzateke, hura baita ondoren lehen ministroari gobernua osatzeko agindua ematen diona. Xiiten Koordinazio Esparruak, baina, bozketa boikotatzeko adina diputatu bildu zituen, eta bertan behera geratu zen prozedura.

LEHEN MINISTROA

Azken oztopoa ez da presidentearen aukeraketa, gobernua zer alderdik zuzenduko duen baizik. Al-Sadrek dio ez duela nahi Iranek eta AEBek Irakeko politikan esku hartzerik, eta hori baliatzen du argudio gisara Xiiten Koordinazio Esparruarekin elkarlanean ez aritzeko. Izan ere, Teheranen gertukoa da azken hori. Hori izan da Al-Sadrek emandako arrazoi nagusia Mohammed Xia al-Sudaniren hautagaitza atzera botatzeko.

Baina aurrez egindako ahaleginek ere ez dute arrakastarik izan, eta, prozedura etenda zegoela ikusita, euren eserlekuak uzteko agindu zien Al-Sadrek ekainean bere alderdiko hautetsiei. Haren esanetan, ez zuen «oztopo» izan nahi gobernua osatzeko negoziazioetan.

INDAR ERAKUSTALDIA

Al-Sadren alderdiko diputaturik gabe, Xiiten Koordinazio Esparruaren esku geratu zen gehiengoa —legearen arabera, diputatu batek bere eserlekuari uko egiten badio, boto gehien lortu duten hautagaietan bigarrenak hartzen du haren tokia—, eta haiek aste honetan bertan iragarri dute lehen ministrogaiaren izena. Baina buruzagi xiitak, parlamentuko eserlekuei uko egin arren, jarraitu egin du esku hartzen, eta herenegun iluntzean behe ganberako eraikinera sartzeko agindu zien jarraitzaileei, argi utziz nork duen azken hitza.

Bi blokeen arteko ezinikusia handituz doa, eta adituak hasiak dira ohartarazten krisiak okerrera egingo duela erdibideko akordio bat erdietsi ezean. «Arazoa ez da Al-Sudani. Hura aitzakia bat besterik ez da Al-Sadrentzat Xiiten Koordinazio Esparruaren eta Irakeko sistema politiko osoaren aurka jotzeko. Gauza bera egingo zukeen beste edozein hautagairekin», azaldu dio Al-Jazeera telebistari Marsin Alshamaryk, Harvard Kennedy eskolako ikerlariak.

Al-Sadrek, bozak irabazi zituen arren, bi hereneko gehiengoa beharko luke estatuburua aukeratu ahal izateko, eta ez du halakorik, eta, estatubururik gabe, ezin gobernua osatzeko pausoak ematen hasi. Hala, buruzagi xiitak protestak sustatzeko hautua egin du, argi uzteko bera oso aintzat hartu beharrekoa dela Iraken politika egiteko garaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.