Katalunia. Elkarrizketa. Natalia Sanchez. CUPeko diputatua

«Dena berdin mantenduz, sinbologia batekin segitzeko asmoa dago»

Torrak Junts Pel Siren politika «kontinuista» bat planteatu duela uste du Sanchezek. «Hori zuzendu egin behar da guztiz». Desobedientzia tresna bat dela dio, eta erabiltzeko «uneak» zehaztu behar direla.

DANI CODINA.
Igor Susaeta.
Bartzelona
2018ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
CUPek kaleko mobilizazioak aldarrikatzen ditu. Natalia Sanchez diputatuak (Figueres, 1983) onartzen du badagoela nolabaiteko nekea, baina uste du CDR Errepublikaren Defentsarako Batzordeak «bultzada» bat izan direla. «Batez ere antolakuntzari dagokionean, azpiegitura horizontal batekin. Hor daude». Carles Puigdemontek ez du baztertzen hilabete batzuen buruan hauteskundeak errepikatzea, baina, Sanchezen iritziz, «behin-behinekotasun» horrek «eragin negatiboak» eduki ditzake herritarren bizi baldintzetan. Urtarriletik da diputatua, eta, gainera, besteak beste Ciutat Morta dokumental laudatua (2013) ekoitzi zuen Metromuster kooperatibako bazkidea da.

Zer iritzi duzue Quim Torraz?

Argi dago zer katalanismo politikotik datorren. Aurrena Uniori lotuta egon zen, eta gero Reagrupament-i. Eskuin katalanistatik dator nolabait, eta hori hala da. Egia da, dena den, Katalunian izan den prozesu politikoak eragina eduki duela Torra bezalako intelektualengan. Bera bezalako pertsona batek ikustea U-1 izan zela errepublikaren eraketaren sortze une bat, bada, interesgarria da. Dena den, idatzitako gogoeta politikoak aintzat hartuta, esajeratu den ala ez gorabehera, argi dago desenkusa bat beharrezkoa zela, eta baita konpromiso bat herrialdea ikuspegi horretatik uler ez dezan.

Nola interpretatu inbestidura diskurtsoan egin zuen Kataluniaren «aniztasunaren» aldarria?

Kontu zehatz batzuetan zentratu zen, baina Junts Pel Siren politika kontinuista bat planteatu zuen, eta guretzako politika hori zuzendu egin behar da guztiz, argi dagoelako ez duela nahikoa jende erakarri proiektu errepublikanora.

JxC Junts Per Catalunyak eta ERC Esquerra Republicanak diote errepublika egin nahi dutela, baina ez dute Espainiako Estatua desobeditzeko asmorik. Nola bat egiten dute bi ideiek?

Ezin dute bat egin. Desobedientziak eta aldebakarrekotasunak ez dute zertan fetitxe bat izan, tresna bat baizik, une jakin batzuetan. Helburu batzuk jarrita, une jakin horiek zehaztu behar dira. Iruditzen zaigu Parlamentuko Mahaia zera dela: desobedientziaren bidez erakuntza errepublikanoaren zerbitzura egon behar duen tresna bat. Baina konturatu gara asmoa ez zela hori. Ulerkorrak izan gaitezke, badakigu orain eman beharreko pausoak ez direla errazak, baina oinarrizko printzipio bat badago: garaiari leial izatea. Hegemonia independentistako alderdiak guztiz gainditu zituen urriaren 1ak eta 3ak [greba orokorra], eta...

Eta beldurtu egin ziren?

Baietz uste dut, zalantzarik gabe.

«Momentu egoki bat daukagunean, 3.000 pertsonak prest egon behar dugu kartzelara joateko», esan zion Torrak Vilaweb-i, orain bi hilabete. Une jakin batean desobedituko dio Madrili?

Ezin dut baloratu; ezin dut zientzia fikziorik egin. Baina une erabakigarri horiek ez dira iritsiko, jendea kalean, ez badago ez antolatuta, ez erabakitasunez. Alderdi edo elkarte subiranista eta independentistak —ANC eta Omnium Cultural— ahalegintzen badira kalearen intentsitatea instrumentalizatzen edo modulatzen, ez du funtzionatuko, ez da unerik egongo.

Modulatzeko tentaziorik egon al daiteke?

Noski. Egon zen urriaren 1ean eta 3an.

JXCketa ERCk adostutako gobernu programa «autonomista» iruditzen zaizue. Ez zuten zuekin negoziatu.

Urtarrilaren 30a baino lehenago negoziatu ziren zati batzuk. Negoziatzen jarraitu zuten martxoaren 8ra arte; helarazi ziguten azken dokumentua, eta gure proposamen bakan batzuk onartuta daude, eta beste asko haienera eramanda. Ez zitzaigun nahikoa iruditu. Gurekin mahai batean eseri direnean, gainera, ez dut esango harremana mespretxuzkoa izan denik, baina nolabaiteko asimetria bat egon da hartu-emanean.

Carles Riera zure diputatukideak proiektu «neoliberala» deitu dio.

Hala baita. Dena berdin mantenduz, sinbologia batekin segitzeko borondatea dago.

Horrek zer ekar dezake? Oinarri soziala handituz subiranisten zilegitasuna areagotzea?

Denbora behar dugu herrialdeari politikoki gertatu zaionaz hausnartzeko. Hori ezinbestekoa da. Oinarri soziala handitzeak esan nahi badu parlamentuan akordioak lortzea PSCrekin edo Catalunya En Comurekin, kontu hori bizi izan dugu, eta, beraz, ez du hausturarik gehitzen helburua lortzeko bidean.

Espainiako Gobernuak nola jokatzen duen ikusita, beharrezkoa da haustura hori?

Bai, argi dago. Bestetik, pentsioez edo emakumezkoen eskubideez hitz egiten dugunean, esaterako, ikusten ari gara mobilizazio eredua klase herrikoietan barneratzen ari dela, kontu identitarioak zeharkatua izan gabe, gainera. Eta horrantz joan nahi dugu. Horrela bai lortuko genukeela oinarria zabaltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.